Hondakinen inguruko herri batzarra deitu du Aulestiko Udalak
Abenduaren 19an [eguena] izango dute hitzordua aulestiarrek, udaleko areto nagusian. Lehenengo saioa 17:00etan izango da, eta bigarrena, 19:00etan.
Aulestiko Udalak hondakinen inguruko herri batzarra deitu du etzirako [abenduak 19], eta herritarrei bertaratzeko gonbidapena egin die. Udaleko areto nagusian izango da hitzordua, eta bi saio egongo dira egun berean; lehenengoa, 17:00etan hasiko da, eta bigarrena, 19:00etan.
Hiru puntu desberdin landuko dituzte bileran, eta udalak hondakinen inguruan hartutako erabakiei buruz arituko dira: “Europar Batasunetik datozen legeek estututa udalak hainbat erabaki hartu beharrean egon da, Euskal Herri osoko beste udal guztiak legez. Besteak beste, hondakinen ordenantza berria egin behar izan da eta hondakinen tasa berriak erabaki”. Horrez gain, bilketa arauak mahaigaineratuko dituzte, hau da, hondakinen sailkapena eta honen beharrezkotasuna azpimarratuko da herri batzarrean. Hori horrela, Aulestiko Udalak herri batzarrera joateko deia luzatu die herritarrei: “Guzti hori eta gehiago zuekin elkarbanatu nahi dugu, eta espero dugu, abenduaren 19an Aulestiko etxe bakoitzetik pertsona bat behintzat batzarrera etortzea. Elkarren artean askoz hobeto egin dezakegulako”.