Lea-Artibai Mankomunitateak zaintzarako materialen bilketa abiatu du
Mailegu zerbitzu baten bitartez pertsonen bizi kalitatea hobetu eta materialei berrerabilpena ematea da helburua. Besteak beste, gurpildun aulkiak, ohe artikulatuak eta makuluak dohaintzan emateko deia egin dute.
Lea-Artibai Mankomunitateak pertsonak zaintzeko lanean beste pausu bat eman du. Aniztasun funtzionala duten pertsonen zaintzaren kalitatea hobetzeko asmoz, donazio kanpaina bat abiatu dute. Mailegu zerbitzu bat martxan ipintzeko helburuagaz, mugikortasunean eta zaintzan laguntzen duten aparatu edo ekipamenduak bilduko dituzte: “Gurpildun aulkiak izan daitezke, ohe artikulatuak, makuluak, etxeko garabiak… Apur bat denetarik bildu nahi dugu, material banku bat osatzeko”.
Zaintza kalitate hobeagokoa izateagaz batera, erabiltzen ez diren materialei berrerabilpena ematea da helburua: “Helburu soziala dauka, noski, eta baita ingurumenari begirakoa ere; berrerabilpena ere sustatu nahi dugu”. Materiala dohaintzan emateko prest daudenei Mankomunitatearekin harremanetan ipintzeko eskatu diete 94-616 90 68 telefonora deituz edo mankomunitatea@lea-artibai.org helbidera idatziz. Hala, udal brigadako profesionalek jasoko dute materiala, eta Berriatuan ahalbidetu duten biltegian gordeko dute.
Materialaren kudeaketa gizarte zerbitzutik egingo dute, pertsonen premiak baloratuz: “Orain denetarik batzen hasiko gara, eta aurrerago, pertsonen beharren arabera, baliteke gauza zehatzen bilketa egitea. Erabilpenak esango digu zer den gehiago behar duguna”. Hori horrela, erabiltzen ez den eta egoera onean dagoen materiala dohaintzan emateko deia egin dute: “Ematen denarekin beste pertsona batzuen bizi kalitatea hobetzen da”.