Laugarren jardunaldiari ekingo diete Master Goxua Txapelketan
Eguenetik [urtarrilak 16] domekara [urtarrilak 19] sei partida ikusteko aukera egongo da.
“Martxa onean” aurrera doa Master Goxua Txapelketa. Markina-Xemeingo Esku Pilota taldeak antolatuta, 60 pilotari ohi kantxaratuko dira martxoaren 28ra bitarte; hurrengo jardunaldia, laugarrena, eguenean [urtarrilak 16] hasi eta domekan [urtarrilak 19] amaituko da; barikuan ez da partidarik egongo. Guztira sei partida jokatuko dituzte Markina-Xemeingo frontoi txikian.
Hirugarren jardunaldian bete-betean murgildu dira asteburuan: “Denetariko partidak eskaini dituzte pilotariek. Ikusle aldetik ederki doa aurrera txapelketa. Batez ere bariku eta zapatuetan polito ibili da jendea ikusten. Egia esan, txapelketa martxa onean doa. Hemendik eta txapelketa amaitu arte ez dugu ia geldialdirik egingo”. Antolatzaileek jakinarazi dute jada bikote guztiek jokatu dutela partidaren bat, eta batzuek, baita bi ere.
Joan den eguenean bi mailetako partida bana jokatuz hasi zuten jardunaldia. Peio Etxebarrieta eta Aner Arriola azken partida irabaztetik zetozen arren, ezin izan zuten Amoto eta Oier Urrutia garaitu; azken horiek 18-7 irabaztea lortu zuten. Bigarren partidan, ostera, Latxik eta Etxebarriak lortu zuten garaipena Zubiriaren eta Gomezen aurka, 18-10 irabazita.
Zorion Kareagak eta Agirregomezkortak eman zioten hasiera barikuari, Bustinduiren eta Ezpeletaren aurka jokatu zuten partidagaz; azken bikoteak lortu zuen garaipena, 18-9 irabazita. Jarraian, norgehiagoka Xabi Arteaga-Koldobika Puente eta Anso-Legarraren artean izan zen; Anso eta Legarra hurbildu ziren arren, Arteagak eta Puentek 18-14 irabaztea lortu zuten.
Zapatuan, ostera, lehenengo mailako bi partida eta bigarren mailako bat jokatu zituzten. Lehenengo mailan, Muñozguren-Kato eta Varela-Unanueren arteko lehian lehenengo bikotea gailendu zen, 18-13 irabazita; Onagoitia-Urizarrek nagusitasuna erakutsi zuten Perran anaien aurrean, 18-4 irabazita. Bigarren mailari dagokionez, ostera, Ander eta Arkaitz aritu ziren Lakaren eta Arrateren aurka; azken horiek irabazi zuten 18-10.
Domekan kantxaratu zen iazko bikote irabazlea ere: Esnaola-Mujika. Irudi ederra utzita jokatu dute euren aurtengo lehenengo partida, “emaitza oso ona” lortuta: 18-7 irabazi zuten Gorostizagaren eta Legarretaren aurka. Jarraian, partida parekatua jokatu zuten Berasaluze-Gerena eta Uriguen-Azurmendi bikoteek; garaipena, baina, batek irabazi behar, eta Berasaluze eta Gerena gailendu ziren, 18-16.
Laugarren jardunaldiko partidak.
- Urtarrilak 16, 19:45ean hasita.
- Zugadi-Gorosabel eta Txirloi-Allenda (1. maila).
- Urtarrilak 18, 17:15ean hasita.
- Aldape-Aranburu eta Iñakito-Agarre (1. maila).
- Arrieta anaiak eta Adorrixa-Galdixa (2. maila).
- Anitua-Basterretxea eta Atxurra-Malaxetxebarria (2. maila).
- Egaña-Loidi eta Andoni-Jokin (2. maila).
- Urtarrilak 19, 18:30ean hasita.
- Egaña-Loidi eta Jaio-Aitxulua (1. maila).