Hondakin bereziak batzeko etxola bi aldiz egongo da Lea-Artibai Mankomunitateko herri bakoitzean
Atzo [urtarrilak 21] jarri zituzten Aldundiaren hondakin bereziak batzeko etxolak Ondarroan eta Etxebarrian, eta otsailaren 5era [eguaztena] arte egongo dira Lea-Artibai eskualdeko bi herri hauetan.
Bizkaiko Foru Aldundiaren hondakin bereziak batzeko etxola berdearen zerbitzua indartu egingo dute 2025ean Lea-Artibai Mankomunitatea osatzen duten herrietan. Izan ere, aurten, birritan egongo da herri bakoitzean; neguan eta udazkenean, eta aldi bakoitzean hamabost egunez. Martitzenean jarri zituzten etxolak Ondarroan eta Etxebarrian, eta otsailaren 5era arte egongo dira, Ondarroako Alamedan, eta Etxebarriko Altzibar kalean, Olaia jatetxearen aurrean.
Etxolara bota daitezkeen askotariko hondakinak zeintzuk diren gogoratu dute: «Etxeko tresna txikiak, sukaldeko tresnak, etxeko olioa (ontzi itxiak), telefono mugikorrak, kableak, pinturak eta disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, tonerrak, tinta kartutxoak, metalezko kapsulak, plastikozko kapsulak CDak, DVDak eta kaseteak, erradiografiak eta pilak».
Herriz herri. Hondakin bereziak batzeko etxolaren egutegiari dagokionez, herri bakoitzean bi alditan egongo da, neguan behin, eta udazkenean beste behin. Beraz, neguko egutegiari erreparatuz, otsailaren 5ean Ondarroatik eta Etxebarriatik Ispasterko Elexalde auzora eta Berriatuko herriko plazara eramango dute, eta bertan egongo da otsailaren 5etik 19ra arte. Ondoren, Ziortza-Bolibarko Simon Bolibar plazan egongo da etxola, otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte, eta azkenik, Markina-Xemeingo Goiko portalean eta Lekeitioko Atean egongo da, martxoaren 4tik 18ra arte.
Udazkeneko egutegiari dagokionez, irailean jarriko da berriro Ondarroan eta Etxebarrian, irailaren 23tik urriaren 7ra bitartean, eta hortik, Ispasterrera eta Berriatura eramango dute, urriaren 7tik 21era arte. Markina-Xemeinen eta Lekeition urriaren 21etik azaroaren 4ra egongo da, eta Ziortza-Bolibarren azaroaren 4tik 18ra bitartean.