San Bizente jaien berotasunaren zain
San Bizente jaiak ospatuko dituzte Munitibarren eta Aulestiko Narea auzoan, denetariko egitasmoz osaturiko jai egitarau herrikoiekin. Hiru eguneko egitaraua edukiko dute munitibartarrek, eta bi egunekoa aulestiarrek.
Munitibartarrak eta aulestiarrak San Bizente jaiei begira daude. Izan ere, lehen Munitibarren eta Aulestiko Narea auzoan sanbizenteak ospatuko dituzte, adin eta profil guztietako herritarrei bideratuta; lehen udalerrian, barikutik [urtarrilak 24] domekara [urtarrilak 26] bitartean gozatuko dituzte ospakizunok, eta bigarreneko auzunean, ostera, barikuan [urtarrilak 24] eta zapatuan [urtarrilak 25].
Munitibartarrentzat, sanbizenteak herriko bi jai nagusietako bat dira, uda aldeko sanpedroekin batera; beraz, esangura handia dute herrian. Aurten ere, beste urte batzuetako dinamikari jarraiki prestatu dituzte jaiak: adin guztietako herritarrak asebetetzea. Edozelan ere, antolatzaileek azaldu dute herriko zein inguruko gazteentzako “eskaintza musikal interesgarria” lortzea izan dela erronka nagusienetakoa. Hala, nabarmendu dute asteburuan Lea-Artibaiko Gababusa egotea “oso lagungarria” dela, jendea erakartzerakoan. Aurten, jai batzordeak boluntarioen laguntza eskatu du, jaiak prestatzen laguntzeko. Eskakizuna jendartean zabaldu dute, eta herritarrek laguntzeko prest dauden erantzun dute, baita zein ataza egiteko prest dauden argitu ere bai: “Adin tarte guztietako herritarren inplikazioa egongo da”.
Herriko plaza, udal pilotalekua eta udal aretoa izango dira jaiaren kokaleku
Hiru epizentro edukiko ditu jaiak: herriko plazan ipini duten karpa, udal pilotalekua eta udal aretoa. Hiru eremu horietan barrena joan-etorrian ariko dira herritarrak, denetarikoez gozatu asmoz. Barikuan, pregoiaren irakurketagaz eta txupinaren jaurtiketagaz ekingo diote ospakizunari. Antolakuntzatik aditzera eman dute hemendik aurrera herriko ume eta gaztetxoei “aukera ematea” pentsatu dutela eta, horrenbestez, herriko eskolako ikasleak izango direla pregoilari: “San Pedro eta San Bizente jaiak herriko une gorenetako bi direnez, LH1 eta LH6ko ikasleek hartuko dute jaiotan txupinaren eta pregoiaren ardura eta konpromisoa edukiko dituztenak. LH1ekoek, idazketa-irakurketa sartu berri daudelako; LH6koek, herri eskolan azkenengo ikasturtea egingo dutelako”.
Puntistarik onenak.
Ostean, frontoira lekualdatuko da jaia. Goi mailako zesta-punta neurketak jokatuko dituzte bertan, Munitibar Jai Alai Open Series izenpean. Emakumezkoak kantxaratuko dira lehenik: Elaia Gogenola berriatuarrak eta Frida Watkins zumaiarrak Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak edukiko dituzte aurrez aurre. Gizonezkoen txanda izango da ondoren: Lea-Artibai eta Busturialdeko ordezkariak elkarren kontra ariko dira. Batetik, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra; bestetik, Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak. Pilotalekuak, bestalde, esku pilota ikuskizuna ere hartuko du, domekan. Lea Ibarra-Motrollo Pilota Elkarteko kideen txanda izango da orduan.
Biharko 14:00etan amaituko da udalaren zesta-punta partiduetarako sarreren zozketa
Hain zuzen, antolatzaileek azpimarratu dute herritarrak gogotsu joan ohi direla partiduez disfrutatzera: “Herrian, zerbaitek ondo funtzionatzen baldin badu, frontoiagaz lotura duten kirol jarduerak dira; jaietan harrera oso ona edukitzen dute beti. Adin eta genero desberdineko herritarrak animatu ohi dira pilotalekura bertaratzen eta, ondorioz, egitarauan bai ala bai agertu beharreko geltokia dira partiduak”. Eraman Jai Alairen web orrialdean eros daitezke sarrerak, 10 euroren truke. Halaber, udaletxean edota Sindikatu eta Ondamendi tabernetan ere lor daitezke. Ez hori bakarrik: biharko[urtarrilak 23] 14:00ak bitartean, udalak lau sarrera normal eta sarrera bikoitz bi zozkatuko ditu. Parte hartzeko, 692 39 85 10 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidali beharko du, zozketa berba idatzita.
Tripazorriak isiltzeko aukera aproposa ere egongo da aurtengoan. Izan ere, sanbizenteak dastaketen eta mokadu herrikoien aterpe ere izaten dira. Aurten, Garaiko kontserbak izeneko enpresa izango da beren garagardo motak erakusteko ardura edukiko duena, baita beraien marmelada nahiz saltsak ere. “Tokian tokiko artisau produktuak ezagutarazteko aukera aparta izaten da, eta munitibartarrei asko gustatzen zaie”, azaldu dute. Aurretiaz tiketak erosteko baldintza bakarra ipini dute, eta erantzuna “nahiko ona” izan da: 31 lagun animatu dira parte hartzera. Domekan, pintxo janaldiaren txanda izango da: “Herrian hoberen funtzionatzen duten jarduerak jateagaz eta edateagaz loturikoak dira; pintxoak eskaintzeak herrian jai giroa sortzea dakar eskutik. Herriko tabernei eskatzen diegu pintxoak egiteko, eta momentuz doan ematen digute baiezkoa; oso eskertuta gaude. Gainera, adinez nagusiak ez dira domeka goizean plazara bertaratzen direnak: adin tarte denetakoak hurreratzen dira”.
Zapatuko gaualdian, dezibelek hartuko dute plazako karpa. Lau kontzertuko musika egitaraua atondu dute: Uda, Chulería, joder!, Garratz eta 48280 taldeak oholtzaratuko dira. Urtero legez, irizpide jakin bati jaramon eginez prestatu dituzte musika emanaldiok: “Taldeak aukeratzeko kriterioaren arabera, herriko edo eskualdeko talde bat egon behar da gutxienez; gutxienez emakumezko bat taularatzea ere bilatzen dugu; horrez gain, gazteen artean boladan dagoen edo belarriz belarri ari den talde entzutetsuren bat ekartzen saiatzen gara”.
Markina-Xemeingo Olazarrek eta Azkoitiko Txibilterrek lehiatuko dute Nareako zaldi dema
Narea auzoan.
Aulestiarrek ere edukiko dute zer egin, zer ikusi eta zertaz gozatu. Barikuan, mus txapelketagaz abiatuko dituzte sanbizenteak, Narean. Sari potoloak egongo dira jokoan: lehen saria 200 euroko dirusaria eta txapelak izango dira; bigarrena, 120 euroko saria; hirugarrena, berriz, 90 eurokoa. Zapatuko egitaraua auzoko ermitan egingo den mezagaz hasiko dute, eta ondoren umeentzako jolasak egongo dira, zaldi dema orduko. Proba horretan, Markina-Xemeingo Olazarrek eta Azkoitiko Txibilterrek neurtuko dituzte indarrak. Gainera, goiz osoan trikitilariek beren musikagaz girotuko dute auzoa. Arratsaldez, binakako briska txapelketa lehiatuko dute, barikukoaren sari berberekin.
EGITARAUAK
MUNITIBAR
Urtarrilak 24, barikua.
19:00. Pregoia eta txupina, karpan.
19:30. DJ Pako diskofesta, karpan.
21:30. Munitibar Jai Alai Open Series zesta-punta jaialdia, frontoian.
Urtarrilak 25, zapatua.
12:00. Umeentzako puzgarriak, frontoian.
13:00. Garaiko kontserbak garagardo dastaketa, udal aretoan.
22:00. Kontzertuak, karpan: Uda, Chulería, joder!, Garratz eta 48280.
Urtarrilak 26, domeka.
12:00. Pintxo janaldia, karpan.
17:00. Esku pilota partiduak, frontoian.
NAREA AUZOA (AULESTI)
Urtarrilak 24, barikua.
20:00. Mus txapelketa.
Urtarrilak 25, zapatua.
12:00. Meza, auzoko baselizan.
Ostean. Umeentzako jolasak.
13:00. Zaldi dema.
Goizean zehar. Trikitilarien emanaldia.
17:00. Binakako briska txapelketa.