Gipuzkoako Batel Ligan, garaipena Mutrikura
Gipuzkoako Batel Ligako lehenengo bi jardunaldiak irabazi dituzte Mutrikuko Haur Mailako neskek. Hirugarrena zapatuan [urtarrilak 25] lehiatuko dute, Zarautzen.
Errenterian lehiatu zuten Gipuzkoako Batel Ligako lehenengo jardunaldia urtarrilaren 11an [zapatua], eta Paisaian bigarrena, pasa den zapatuan [urtarrilak 18]. Mutrikuko Arraun Taldeko arraunlariak indartsu atera ziren Pasaiako badiara, eta sailkapen “onarekin” bueltatu ziren herrira, batez ere, nesken Haur Mailakoak. Promesak eta Gazte Mailako kategorietako arraunlarien bigarren jardunaldia ere izan zen. Hurrengo saioa zapatuan [urtarrilak 25] izango da, Zarautzen.
Zapatuko proban, Haur Mailako nesketan lehenengo postua lortu zuen Mutriku A taldeak, urtarrilaren 11ko proban bezala, 5 minutu 6 segundo eta 31 ehuneneko markagaz 14 puntu eskuratu zituen. Hortaz, ligako buru doa talde mutrikuarra, guztira 28 puntugaz. Lehenengotik lau puntutara gelditu da Mutriku B taldea, sailkapen orokorrean hirugarren postua lortuz. Mutriku C Taldeak 8 puntu eskuratu zituen Pasaiako proban eta Mutriku D Taldeak 5. Beraz, sailkapen orokorrari erreparatuz, bosgarren postuan doa lehen taldea, eta bederatzigarrenean bigarrena.
Promesa kategoriako nesketan 8:12,01 denboragaz 11 puntu eskuratu zituen Mutriku A taldeak, sailkapen orokorrean bederatzigarren postua lortuz, guztira 17 puntugaz. Mutriku B taldeak 9 puntu lortu zituen, 8 minutu 18 segundo 6 ehuneneko markagaz. Hortaz, sailkapen orokorrean hamaikagarren postuan doa, guztira, 16 puntugaz.
Gazte Mailako nesken kategoriari dagokionez, 6 puntu lortu zituen Mutrikuko Arraun Taldeak 10 minutu 29 segundo eta 68 ehuneneko denboragaz. Horrela, sailkapen orokorrean bosgarren postuan gelditu da 13 puntugaz.