Lekeitioko eta Ondarroako Ikastolek elkarretaratzea egingo dute Zarauzko Ikastolaren alde
Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako nahiz Lekeitioko Azkue Natura Ikastolako kideak bihar [urtarrilak 24] 16:30ean elkartuko dira, bakoitza bere ikastolaren aurrean.
Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak aste honetan jakinarazi du Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna ipini diola; Eusko Jaurlaritzak zortzi familia bertan matrikulatzeari ezetz esan ostean denei “ateak zabaltzea” erabaki izanagatik jaso dute isuna. Hori horrela, Lekeitioko Azkue Natura Ikastolak eta Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak elkartasuna erakutsi, eta elkarretaratzea egingo dute bihar [urtarrilak 24], 16:30ean, bakoitzak bere ikastola aurrean. Azpimarratu dutenez, zigor “bidegabe” horrekin ez dute soilik Zarauzko Ikastola zigortu, ikastolen mugimendu osoa baizik. Elkarretaratzeagaz batera, Salbatore Mitxelena Ikastolari diru ekarpen boluntarioez laguntzeko eskaera egin dute, ES73 2095 5212 1091 2486 7983 kontu korrontearen bitartez.