Zaldi Kinttopekoen eta nagusien txapelketak jokatuko dituzte Aulestin
Zapatuan [urtarrilak 25] lehiatuko dute Zaldi Kinttopekoen txapelketa, eta domekan [urtarrilak 26], nagusiena.
Zaldi Nagusien eta Kinttopekoen txapelketak lehiatuko dituzte asteburuan Aulestin. Kinttopekoen proba zapatuan [urtarrilak 25] egingo da 20:00etan, eta nagusiena, domekan [urtarrilak 26], 18:00etan. Aulestiko Udalak eta Euskadiko Herri Kirol Federakundeak antolatutako txapelketa da honakoa, eta antolatzaileek adierazi dutenez, 2024ko probetan puntuazio gehien lortu dituztenak sailkatu dira azken lehiaketa honetara. Sarreraren prezioa 15 eurokoa izango da, eta egunean bertan egongo dira eskuragarri.
800 kiloko harria tatarrez eramanez, ordu erdian ahalik eta plaza gehien egitea izango da parte hartzaileek egin beharko duten lana. Hiru partaide arituko dira bakoitzean; Kinttopekoetan, Fikako Garzia, Nabarnizeko Jatetxe Nabarniz eta Zallako Enkarterri Turf Power ibiliko dira elkarren kontra. Hiruretako batek huts eginez gero, Zumaiako Talaia Jatetxeak ordezkatuko luke. Nagusietan, Busturiako Angel Txertudi, Nabarnizeko Jatetxe Nabarniz eta Aulestiko Ibekohondo arituko dira lehian. Kategoria honetan ere, Zumaiako Talaia Jatetxea izango da ordezkoa.
Sariei dagokienez, Kinttopeko garaileak 800 euroko sariaz gain, zaldiarentzako manta bat ere irabaziko du. Bigarrenak, 700 euro lortuko ditu, eta hirugarrenak, 600 euro. Nagusiei dagokienez; irabazleak 850 euro lortzeaz gain, zaldiarentzako manta ere lortuko du, bigarren sailkatuak, 750 euro, eta hirugarrenak berriz, 650 euro. Bi kategorietako hiru parte hartzaileek garaikurragaz egingo dute buelta etxera.