25 urte "Bizkaiko kirol sistemaren giharra indartuz"
Mende laurdeneko bidea egin du aurten Bizkaiko kirol entitateak babestea eta bultzatzea jomuga nagusi duen Bizkaialde Fundazioak.
Bizkaialde Fundazioak 25 urte bete ditu eta ohiko topaketa egitearekin batera ospatu du, lurraldeko kirol-arloko ordezkaririk garrantzitsuenak elkartuta. Fundazioaren parte aktibo diren 19 enpresak, 29 klubek eta 35 taldeetako ordezkariek hartu zuten parte ekitaldian. Parte hartzaile horien artean daude Lea-Artibaiko zenbait ere: batetik, Isuntza Arraun Elkartea eta Ondarroa Arraun Taldea, bestetik.
Leixuri Arrizabalagak, Bizkaialde Fundazioaren Patronatuko presidenteak eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, hura osatzen duten eragileen “ahalegina eta konpromisoa” eskertu gura izan zituen. Bizkaiko kirol sarea goraipatzearekin batera, haren “dedikazioa, ahalegina eta talentua” nabarmendu zituen Arrizabalagak: “Geure lurraldea kirol modalitateetan gailentzen ari da, sare horri esker”. Azpimarratu zuen, 25 urteren ondoren, izaera publiko eta pribatuzko lankidetza “funtsezkoa” dela, Bizkaiko “kirol sistemaren giharra indartzen” jarraitze aldera: “Kirol sistemaren familiak hazten segitu behar du, gure kirolarien ametsak errealitatera ekartzen jarraitu ahal izateko eta, horrez gain, gure gizartearentzat eredu izango diren hurbileko erreferenteak eduki ahal izateko”.
2024-2025 denboraldiari dagokionez, Bizkaialde Fundazioak 999.693,90 euro banatu ditu, 14 modalitatetan eta 18 kirol diziplinatan ari diren 29 klub eta 35 talde babesteko.