Markina-Xemeingo inauterietako lehiaketetarako izen emateak, zabalik
Mozorro lehiaketa eta denda eta tabernen lehiaketa egingo dituzte, hainbat kategoriatan banatuta. Bestalde, umeentzako bi tailer egingo dituzte, eta horietan parte hartzeko izen emateak ere zabalik daude.
Asteburuan hasiko dira inauterietako ospakizunak hainbat herritan, eta ez dute etenik izango datorren aste hasierara arte. Markina-Xemeinen, besteak beste, mozorro lehiaketa egingo dute domekan [martxoak 2].
Norbanakoek bi kategoriatan lehiatuko dute: 17 urtetik beherakoak eta nagusiak. Hala, saria jaso ahal izateko desfilean parte hartu behar da, gutxienez, goizekoan. Mozorro estatiko batekin parte hartu nahi izanez gero, ostera, udaletxean eman behar da izena, barikuko [otsailak 28] 14:00ak baino lehen. Bakarka edo bikoteka nahiz talde handietan parte hartu daiteke lehiaketan; bakarka edo bikoteka aurkezten direnen artean hiru sari banatuko dituzte kategoriako, eta talde handien artean, ostera, bost sari kategoriako
Bestalde, taberna eta denden lehiaketa ere egingo dute, bi kategoriatan banatuta; parte hartzeko izena eman behar da udaletxeko Berton bulegoan, otsailaren 27rako. Tabernek atonduta egon beharko dute martxoaren 2an, egun osoan. Dendetan, ostera, erakusleihoa apainduta egon beharko da otsailaren 26tik martxoaren 3ra. Biak ala biak ere, gai librea edukiko dute. Bestak beste, dekorazioa, egindako lana, originaltasuna eta jaiaren parte izatea baloratuko dituzte. Tabernarien saria eta dendarien saria banatuko dituzte, eta bakoitza 150 euro izango dira.
Oinarriak eta informazio guztia Markina-Xemeingo Udalaren web orrian (markina-xemein.eus) ipini dute eskuragarri.
Tailerrak. Beste hainbat ekintzaren artean, umeentzako bi tailer ere egongo dira. Lehenengoa zapatuan [martxoak 1] izango da: mozorro tailerra egingo du XAT-ek, 11:30etik 12:30era, Uhagonen. 2013-2017 urteen artean jaiotakoentzat izango da; izena eman behar da udaletxean. Bigarren tailerra, ostera, astelehenean [martxoak 3] izango da: Nornahi sormen tailerra egingo dute 17:00etatik 18:30era Uhagonen. 4 urtetik gorako umeentzat izango da, eta izena eman behar da 646 79 90 26 telefonora deituz.