Zabalik dago Peru Abarka album lehiaketara idazlanak aurkezteko epea
Martxoaren 28ra arte aurkeztu daitezke lanak. Aurten, berritasun modura, 2.500 euroko saria irabaziko du idazlanik onenak.
Erein Argitaletxeak eta Markina-Xemeingo Udalak abiatu dute beste behin ere Peru Abarka album lehiaketa. Ohi bezala, idazlan lehiaketak emango dio hasiera aurtengo lehiaketari. Hala, zabalik egongo da idazlanak aurkezteko epea, martxoaren 28ra arte. Aurten, gainera, berritasunekin dator lehiaketa: “Alde batetik, saria gehitu dugu: 2.500 euro izango ditu irabazleak. Bestetik, egile eskubideak bermatzeko orriak goitik behera orraztu ditugu”.
Gainontzekoari dagokionez, urteroko arauak jarraituko dituzte. 18 urtetik gorako edonork hartu dezake parte lehiaketan; ezingo da lehiaketara aurkeztu aurreko lau edizioetako edozeinetan irabazi duen inor. Helduentzako literatura izango da lehiaketako kategoria bakarra; lanak euskara batuan aurkeztuko dira, gai libreagaz. Prosa eta bertsoa onartuko dute narrazioetan, gehienez 15.000 karakteregaz eta gutxienez 11.000gaz (espazioak barne).
Aurkeztutako lan horiek originalak, argitaratu gabekoak eta beste lehiaketaren batean saritu gabekoak izan beharko dira. Gaineratu dutenez, aurkeztutako lanak ezingo dira izan adimen artifizial sortzailea erabilita sortutakoak.
Beste hainbat zehaztapenen artean, lanak DIN A4 formatuan aurkeztu beharko dira, ordenagailuz idatzita eta alde bakar batetik, lerroen artean 1,5eko tartea utziz eta 12 puntuko Times New Roman izeneko letra motagaz. Lanak posta elektroniko bidez aurkeztu beharko dira, biblioteka@markina-xemein.eus helbidera idatziz. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu.
Informazio gehiago eta oinarri guztiak peruabarka.wordpress.com web orrialdean argitaratu dute antolatzaileek.