Postua ipini nahi dutenek barikura [martxoak 28] arte dute eskaera egiteko epea. Abeltzain nahiz ekoizleek ipini ditzakete postuak.
Maiatzaren 10ean ospatuko da aurtengoan Markina-Xemeingo Baserri Eguna; 10:00etatik 14:00etara denetariko postuek hartuko dute herria. Egitarau osoa aurrerago jakinaraziko duten arren, postua ipini nahi duten abeltzain nahiz ekoizleek baikura [martxoak 28] arte edukiko dute horretarako aukera.
Hala, abeltzain nahiz produktu saltzaileek eskaera orria eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute Lea-Artibaiko Landagarapen Alkarteko bulegoan (Xemein etorbidea 12A) edo landagarapena@leartibaifundazioa.eus helbide elektronikora idatziz.
Iazko antzera, aurtengoan ere BBK-k utzitako hemezortzi etxola ipiniko dituzte. Postuen kokalekuak antolatzaileek erabakiko dituzte, eta lurraren truke ez dute inolako tasarik ordaindu beharko. Hori horrela, lau izango dira gehienez ere okintza eta gozogintza postuak, beste lau esne eta esnekienak, bina edari, ortuari eta fruta eta haragikienak, eta bana eztia, kontserbak, ahatekiak eta beste produktu batzuenak.
Animalien kasua, ostera, herriko animaliek izango dute lehentasuna eta dietak jasoko dituzte. Sei hilabetetik gorako behi, txahal eta idiek 115 euro jasoko dituzte buruko; sei hilabetetik gorako zaldi eta behorrek, 85 euro buruko; sei hilabetetik gorako asto eta poniek, 75 euro buruko; sei hilabetetik gorako ardi eta ahuntzek, 120 euro loteko (zazpi eme eta ar bat); eta txerriek berriz, 75 euro aldrako (ama eta kumeak).
Horiez gain, euskal arrazako etxabereengatik ere dieta jasoko dute. Oilo, untxi, antzar eta ahateek lote bakoitzeko (bina eme eta ar) 60 euroko jasoko dituzte; ahuntzen lote bakoitzeko (bost ahuntz eta akerra), 150 euro; ardiek, 150 euro loteko (bost eme eta ar bat); eta sei hilabetetik goako asto eta pottokek, 85 euro buruko.