Mutrikuko Bertso Eskolak bertso bazkaria antolatu du
Bertso bazkaria martxoaren 29an [zapatua] izango da, Mutrikuko San Juan jatetxean. 120 lagunentzako bazkaria izango da, eta bertso eskolaren sorreran egon zirenak omenduko dituzte.
Mutrikuko Bertso Eskolaren sorrera eta ibilbidea ospatzeko helburuarekin bertso bazkaria antolatu dute Mutrikuko San Juan jatetxean martxoaren 29rako [zapatua]. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak egongo dira bazkarian zehar bertsotan. Bazkariko sarrera Agerretxo eta Zubixan hartu ahalko da martxoaren 26aren [eguaztena] aurretik. Egunean bertan, autobusa egongo da Goiko autobus geltokitik San Juan jatetxera, 14:00etan.
Estatutuak aldatu izana aitzakiatzat hartuta antolatu dute bertso bazkaria. Era berean, Mutrikuko Bertso Eskola sortu zutenei omenaldia egiteko ere baliatuko dute ospakizuna: “Sorreran egondako denak gonbidatuko ditugu eta eskertza ekitaldi bat egingo diegu”. Hala, guztira 120 lagunentzako bazkaria izango da; horietatik 30, gonbidatuak izango dira. Azaldu dutenaren arabera, azken unera arte egongo da bazkarira joateko aukera. Bihar [martxoak 26] jakingo dute sarrerarik geratzen den edo ez; geratuko balitz, San Juan Jatetxera deitu (943 60 31 67) eta sarrera erreserbatu beharko litzateke.