Etxeko lasterketa bigarrenez irabazi dute Aitor Saizarrek eta Alazne Apalantzak
XIII. Lea-Artibai Rallya lehiatzeari ekin zieten barikuan [maiatzak 2] 74 autok. Lasterketa "gogorra" izan da gehiengoarentzat, eta Aitor Saizar berriatuarra izan da nagusi eskualdeko errepideetan, Alazne Apalantzagaz batera. Bigarren eta hirugarren postuetan ere, etxeko pilotuak geratu dira: Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti, bigarren, eta Garikoitz Lopez eta Haizea Txoperena, hirugarren.

Motor hotsa izan da nagusi asteburuan Lea-Artibaiko errepideetan. Eskualde guztia zeharkatu zuten XIII. Lea-Artibai Rallyan parte hartu duten 74 autoek, eta helmugara heltzea 35ek lortu bazuten ere, denak atera ziren euren onena ematera. Errepideak ezagutzeak batzuen alde eta beste batzuen aurka jokatzen duen arren, Aitor Saizar piloto berriatuarrak inguruko errepideak ezin hobeto ezagutzen dituela erakutsi zuen; bigarrenez irabazi du etxeko lasterketa Alazne Apalantza kopiloto errezildarragaz batera.
Hamabi tarteetako zazpi irabazi zituzten Saizarrek eta Apalantzak, eta gainontzekoetan marka ezin hobeak egin zituzten Peugeot 207 S2000 autoaren gainean. Barikua lehia estuan hasi zuten Aitzol Apalantza eta Alain Agirreren aurretik ipini nahian, eta aurretik ipintzea lortu zuten arren, ez zen izan eurek nahi bezala: “Barikua erritmo politean hasi genuen, eguraldia ere alde geneukan. Bigarren buklea hasi baino bost minutu lehenago euria hasi zen, eta zortea eduki genuen erruberak aldatzeko denbora izan genuelako. Euriarekin eta ilunetan, tentsio askorekin pasatu genuen hirugarren tartea. Laugarrenean gure aurkaririk handienak, Aitzolek, kolpea izan zuen. Tentsio askoko uneak izan ziren, ze, nire kopilotuaren neba da”.

Aitor Saizarrek eta Alazne Apalantzak irabazi dute XIII. Lea-Artibai Rallya.Ander Zelaia
Hala, Apalantza eta Agirrek lasterketa utzi egin behar izan zuten, eta Saizar eta Apalantza ipini ziren aurretik: “Aitzolen kolpearen ostean ez zen irteera neutralizatu, eta irten egin ginen. Guk denbora oso ona markatu genuen (00:05:21.100) eta lasterketa buruan ipini ginen nahikoa distantziarekin”. Hori horrela, zapatu goizean apur bat gehiago estutu, eta arratsaldean “kontserbadoreago” ibili ziren; bizkor baina arriskurik hartu barik. Hala, lasterketa 01:07:35.200eko denboran amaitzea lortu zuten.
Etxekoen begiradapena eta etxeko errepideetan aurtego lasterketa irabazi izana “ametsa” izan da Saizarrentzat: “Irabazi izanarekin oso-oso pozik. Duela bi aste kotxea desmuntatuta zegoen, eta nire lagun eta lehengo kopilotoarekin batera, ordu asko sartuta eta buruhauste askorekin, kotxea martxan ipini genuen. Gu pozik gaude kotxeak arazorik eman ez dituelako, eta lasterketa irabaztea ametsa izan da. Guretzako urteko astebururik bereziena izaten da rally munduan”. Hala, Kastinparro Racing eskuderiakoei eskerrak eman die urtez urte lasterketa antolatzen jarraitzeagatik.
Podiuma, etxera. Lehenengo postua ez ezik, bigarren eta hirugarren postuak ere etxe-etxeko gidariek eskuratu zituzten. Bigarren postuan amaitu zuten lasterketa Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti markina-xemeindarrek (01:08:32.300), eta hirugarrenean, Garikoitz Lopez etxebarritarrak Haizea Txoperena lesakarragaz batera (01:09:57.600); biak ala biak, Kastinparroko kideak dira.

Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti geratu dira bigarren XIII. Lea-Artibai Rallyan.
Urresti onartu duenez, ez zen euren lasterketarik onena izan, baina “oso pozik” daude bigarren postua lortuta: “Antolakuntzatik ere tartean sartuta egon garenez, tentsio puntu hori igarri genuen. Ez ginen eroso sentitu hasieran, eta zapatuan enbragea ez zen ondo ibili. Hala ere, aurrera jarraitu genuen, eta azken tartean lau puntu extra lortu genituen”. Bazekiten Saizarren erritmora heltzea ez zela erraza izango, baina hainbat tartetan estutu, eta 57 segundoko aldeagaz amaitu zuten bigarren sailkatuek: “Aitorrek oso erritmo altua dauka eta bagenekien ezingo genuela berarekin. Denbora gehiago aterako zigutela uste genuen, baina guk ere ondo etortzen zitzaigun tarte batzuetan estutu, eta hor mantentzea lortu genue. Bigarren postuarekin oso pozik gaude”.
Lopezek, ostera, lasterketa “uste baino hobeto” egin zutela onartu zuen: “Eduki ditugu ezustekoak eta arazoak, baina hamabi tarteak eginda lasterketa amaitzea ez da gutxi”. Txoperenaren esanetan, ostera, lasterketa “luzea eta exijentea” izan da aurtengoa, baina “gustora” aritu dira eskualdeko errepideetan.
Beste hainbat sari ere banatu zituzten zapatuan, eta den-denak bat etorri ziren lasterketa “gogorra” izan zela esanez. Alain Acillona eta Kepa Urresti Urdaibai Motorsport eskuderiako kideek, esaterako, 1. maila, 206 kopa eta Junior Maila irabazlea lortu zuten: “Lasterketa gogorra izan da. Zapatu goizean lasai irten ginen, eta arratsaldean apur bat konplikatu zitzaigun, baina lortu genuen amaitzea”. 2. mailan, ostera, Unai Usobiagak eta Egoitz Arrizabalagak lortu zuten garaipena, eta 3. mailan, Unai Poncek eta Araitz Ortegak. Azkenik, 10. mailan Hodei Unsion eta Oier Zapiainena izan zen garaipena.
Antolatzaileak, pozik. Kastinparro Racing eskuderiako kideak pozik agertu dira aurtengo lasterketagaz. Aitzol Apalantzaren kolpea izan zen larriena, baina gainontzekoan ez zen kolpe larririk egon. Hala, egunaren balorazio “oso ona” egin dute: “Partaideak oso gustura geratu dira bi eguneko foratu honekin, ondo etorri zaie tentsio puntu hori eta eskertu egin dute. Dena ondo joan da, eta gu ere oso gustura gaude”.
Tarte berriari dagokionez, Amorototik Markina-Xemeinera bitartekoa, beldur apur bat zutela aitortu duten arren, azkenerako “dena ondo” joan zela adierazi dute: “Tarte oso estua da eta kolpe txiki bat egonez gero kotxea bidean geratu eta bertan behera uzteko arriskua zegoen. Antolatzaileok geneukan beldur horrekin jendeak errespetua hartu zion tarteari, eta lasaiago egin zuten”. Eskerrak eman nahi izan dizkiete aurtengo lasterketa aurrera eroaten lagundu dieten udal eta enpresa guztiei, nahiz boluntario, ikusle eta parte hartzaileei.




































