Gorka Arrutik eta Lea Gallastegik etxean jokatuko dute
Datorren zapatuan [maiatzak 10], 10:30ean hasita, Mutrikuko San Migel zelaiguneak goi mailako errugbi partidua hartuko du. 16 urtez azpikoen Euskal Herriko Ligako norgehiagoka mistoa izango da. Eibar, Arrasate eta Elorrioko taldeak barnebiltzen dituen Hiruherri taldeak Zarautz-Beltzak taldearen kontra jokatuko du; azken etxe hori Donostiako Bera Berako, Zarauzko Errugbi Taldeko eta Lasarte-Oriako Beltzak etxeko kidez osaturik dago. Partidu esanguratsua izango da, halaber, herriko jokalari birentzat: Gorka Arruti eta Lea Gallastegi. Izan ere, biak ala biak Hiruherrin jokatzen ari dira eta, horrenbestez, etxean lehiatzeko aukera edukiko dute.
Liga amaierako partidua izango da, lehiaketaren bigarren fasea bukatzeko puntuan baitago. Partidua ikusteko, doako sarrera librea egongo da San Migelen, eta mutrikuarrei bertaratzeko deia egin zaie. Bestalde, Mutriku Errugbi Taldea gizonezkoen senior taldea osatu guran dabilela aurreratu dute. Hala, errugbian jokatzeko, kirola ezagutzeko edota taldeaz gozatzeko gogoa duen orori taldearekin bat egiteko eskatu diote.