II. Emakumeen Surf Eguna ospatuko dute zapatuan Lekeition
Besteren artean, surf ikastaroa eta bazkaria egongo dira; ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da.
Duela bi urte egin zuten lehenengoz, eta aurtengoan ere erepikatzea erabaki dute. Itsasoan elkar ezagutu zuten emakume talde batek antolatuta, eta Andraetxearen eta Artzabal Surf Elkartearen babesagaz. II. Emakumeen* Surf Eguna ospatuko dute zapatuan [maiatzak 10] Karraspion.
Antolatzaileek adierazi dutenez, helburua itsasoa emakumeena ere badela aldarrikatzea da: “Beste esparru askotan moduan, itsasoa ere gurea izan daitekeela aldarrikatu nahi dugu. Azpimarratu nahi dugu genero disidenteentzako ere ateak zabalik ditugula. Aurten bereziki aniztasun funtzionala dutenekin edo migratzaileak diren emakumeei egin nahi izan diegu topaketara etortzeko deia”. Surfa egitea ere helburuetako bat den arren, saretzea, elkartzea eta aldarrikapenak egitea da asmo nagusia.
Hori horrela, egun guztiko egitaraua antolatu dute. 09:30etik aurrera yoga eta hamaiketakoa egingo dituzte, eta 11:30ean surf ikastaroa eskainiko dute. Jarraian, praktika egingo dute itsasoan zein lehorrean, surf, bodyboard eta surfskate modalitateetan. Egunagaz amaitzeko, bazkaria egingo dute elkarrekin; bakoitzak berea eroan beharko du. Ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da sare sozialetatik zabaldu duten galdetegiaren bitartez.