Konpromiso soziala jai giroan aldarrikatuko du Danon Artin Elkarteak
Arroz jaia izeneko jaialdi solidarioa antolatu du zapaturako [maiatzak 10] Ondarroako Danon Artin Elkarteak.
Danon Ondarru! sentsibilizazio kanpainaren barnean antolatutako lehenengo ekintzetako bat izango da Danon Artin Elkarteak aurrera eramandako Arroz jaia izeneko jaialdi solidarioa. “Gure jarduna ikusarazi eta elkarteak daukan konpromiso soziala jai girora eraman nahi genuen”, adierazi dute Danon Artin Elkartetik.
Hala, zapatuan, 10:00etan irekiko dute gunea Alamedan, eta egun guztian zehar arroza uzteko txoko bat prestatuko dute, ondoren, paella prestatuko dute bertaratzen direnentzat, diru sinbolikoaren truke: “Arroza batzen egun guztian egongo gara, eta herritarrei bakoitzak ahal duena ekartzeko deia egin nahi diegu, guretzako ekarpen txikiena ere handia baita”. Hortaz, herriaren inplikazioa aurkitu nahi dute Danon Artin Elkartekoek, eta bide batez, beraien jarduna ikusarazteko eta erakusteko ere aprobetxatu nahi dute eguna: “Herritar guztiek ez dute gure jardunaren berri izango; beraz, nolabait, hori erakusteko eguna ere izango da zapatukoa”. 350 pertsona ingururentzat prestatuko dute paella, eta bitartean, Txirrimorraskiko kideak arduratuko dira umeen jolasak dinamizatzeaz.
Ikastetxeekin elkarlana. Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Zaldupe Eskolako, eta Berriatuko Eskolako ikasleek arroz bilketa egin dutela zehaztu dute Danon Artin Elkartetik: “Herriko ikastetxeen laguntza azpimarratu nahiko genuke. Izan ere, arroz bilketa egiteaz gain, Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleek duela gutxi antolatutako azoka solidarioan lortutako dirua elkartera bideratu dute, eta Ondarroa BHI institutuko ikasleak urte guztian ibiltzen dira gurekin lanean. Duela gutxi esne bilketa egin zuten, eta orain, olioarekin hasiko dira. Beraz, eskertzekoa da ikastetxeen elkarlana”.