Markina-Xemeingo, Ondarroako eta Hernaniko emakumeen abesbatzek bat egingo dute Mutrikun
Hiru herrietako emakumeen abesbatzek kontzertua eskainiko dute zapatuan [maiatzak 10] Mutrikun, Musika Jardunaldien baitan. Errepertorio bateratua eskainiko dute, eta sarrera doan izango da.
Emakumeen hiru koru batu, eta emanaldi bakar bat prestatu dute. Zapatuan [maiatzak 10] egongo da horretarako aukera, doan, Mutrikuko Musika Jardunaldien baitan; 19:00etan Santa Katalina Komentuan eskainiko dute kontzertua. Musika Jardunaldietako hirugarren eta azken kontzertua izango da zapatukoa.
Emakanta izenarenpean, Ondarroako Unanue Kamara Korala, Markina-Xemeingo Emeki Korala eta Hernaniko Dakapo Abesbatza igoko dira oholtzara. Emakumez osatutako abesbatzak dira hirurak, eta emakumeak dira, era berean, abesbatzetako zuzendariak ere: Estibalitz Arrizabalagak gidatuko ditu ondarrutarrak, Yolanda Loirak, markina-xemeindarrak eta Amaia Aldalurrek, hernaniarrak.
Errepertorio bateratua landu dute hiru abesbatzek, eta euskal musikaren melodiak eta euskal musikariek sortutako kantuak abestuko dituzte: “Arreta berezia ipini dugu emakumeen lanetan. Era berean, emakumeen koruak ezagutzera eman nahi ditugu, ikusgarriago egin”. Esaterako, Idoia Asurmendi, Eva Ugalde eta Junkal Guerrero musikariek abestiak abestuko dituzte, eta baita Ainhoa Odriozolak, Josune Lopezek eta Tere Irastorza idazleek idatzitakoak ere. Ildo beretik, XXI. mendeko euskal musikariak ere presente egongo dira, esaterako, Josu Elberdin, Xabier Sarasola eta Juantxo Zeberioren lanak.
Ordubete inguruko kontzertua eskainiko dute abesbatzek, besteak beste, Urdin kolorekoa (Idoia Asurmendi), Baratze Bat (Pier Paul Berzaiz), Airea (Eva Ugalde), Goizian Argia Hastian (Etxahun-Iruri) eta Bi Bihotz (Junkal Guerrero) abestiak entzun ahalko dira.