Zinegoak jaialdiko bi emanaldi hartuko ditu Ondarroak
Bi emanaldi eskainiko dituzte; lehenengoa, domekan [maiatzak 11], eta bigarrena ekainaren 1ean.
Urtero Bilbon antolatzen den Zinegoak LGTBIQ+ nazioarteko zinemaldia Ondarroara etorriko da. Azken urteetan legez, aurten ere, Kofradia Zaharrean film laburrak eta luze bat ikusteko aukera egongo da maiatzean eta ekainean. Izan ere, bi emanaldi eskainiko dira; lehenengoa domekan [maiatzak 11], eta bigarrena, ekainaren 1ean.
Domekan sei film labur eskainiko dituzte, zehazki: ¿Dónde estás?, Arrecife, Quimando por dentro, Three, Judoka eta Azkena. Ekainaren 1ean Diego del Riok zuzendutako Todo el silencio film luzea eskainiko dute. Bi hitzorduak 19:00etan izango dira, eta ez da sarrerarik beharko.
“Filmen aukeraketa egiterakoan bi irizpide hartzen ditugu kontuan. Alde batetik, emakume sortzaileen lanak izatea, eta beste aldetik, nerabezaroa erdigunean dituzten piezak izatea”, azpimarratu dute Berdintasun Sailetik. Gainera, jakinarazi dutenez, jatorrizko bertsioak jarriko dituzte, eta euskaraz ez diren film guztiek azpitituluak edukiko dituzte euskaraz.