Burrundada Egunak rock zaleak elkartuko ditu zapatuan Lekeition
Zapatuan [maiatzak 24] ospatuko dute aurtengo Burrundada Eguna, egun osoko egitarauagaz. Besteak beste, herriko nahiz inguruko Slavers eta Beretter taldeak igoko dira oholtzara. Eguna amaitzeko Eraso! taldearen kontzertua egongo da.
Rock gosez daude zaleak, eta gose hori asetzeko asmoz dator laugarren Burrundada Eguna. Zapatuan [maiatzak 24] egun guztiko egitaraua antolatu dute Burrundada Musika Elkartekoek, eta aurreko urteetan bezala, aurten ere “giro ona” egotea espero dute antolatzaileek.
Hiru ataletan banatu dute eguna: rock goiza, gaztetxeko kontzertuak eta Kontzijope Rock. Hala, 12:30ean udaletxeko eskailera aurrean hasiko dira rock doinuak. Gainera, gaztetxoenen txanda izango da: “Aurten elkarlana egingo dugu Musikaia Musika Eskolakoekin. Gazteen rock konboa daukate, rockero gazteak eta promesa berriak direnak, eta ordubete inguruko kontzertua emango dute”. Ostean, Marmararen txanda izango da, eta Lekeitio 700 egitasmoari keinu bat egiteko aprobetxatuko dute: “Lekeitio 700 denez, Mikel Laboa zelan edo halan presente egotea da asmoa. Marmarak Laboaren kanta bat abestuko du, eta Sajik ere bai”.
Arratsaldean, aldiz, 19:00etan hasiko dituzte kontzertuak. Lekeitioko Gazte Asanbladarekin elkarlanean, gaztetxean izango dira hurrengo bi kontzertuak: Beretter eta Horzdun. “Beretter Markina-Xemeingo taldea da, eta abeslaria lekeitiarra da. Horzdun Hondarribiatik dator, eta metal kontzertua eskainiko dute”, azaldu dute antolatzaileek.
Egunagaz amaitzeko, Kontzijope Rock-en txanda izango da. Iaz lehenengo kontzertua eman zuen Slavers talde lekeitiarra igoko da berriro ere oholtzara, eta ostean, Eraso! talde zarauztarraren txanda izango da: “Salvers taldeko gazteek zabalduko dute Kontzijope Rock, eta gero Eraso! taldea dator; izendun taldea da, eta azken bira egiten ari dira agurtzeko. Kontzertu indartsua izango da”.
Gogoz. Herriari nahiz inguruko herrietako rock zaleei egun bat eskaintzeko asmoz, “gogoz” daude antolatzaileek eguna heltzeko: “Espero dugu denok ondo pasatzea, eta jendea etortzea, zelan ez. Ahal den musikazale gehien bildu nahiko genituzke”. Musikazale denei luzatu diete bertaratzeko gonbidapena, baina, bereziki, rocka, metala edo antzeko musika estiloak gustuko dituztenei: “Lekeition kontzertu ugari egoten dira, baina musika estilo hau entzuteko aukera bakarra da hau”.