Gerraren eta faxismoaren aurka antolatzeko deia egin du Lea-Artibaiko Gazte Koordinadora Sozialistak
Zapatuan [maiatzak 24] egun guztiko egitaraua antolatu du Ondarroan Lea-Artibaiko GKSk, 'Gerraren eta faxismoaren aurka antolatu!' lemapean.
Gerra eta faxismoaren aurka antolatu! aldarripean egun osoko egitaraua antolatu du Ondarroan Lea-Artibaiko GKSk, eskualdeko gazteei formakuntzarako eta aisialdirako espazioa eskaintzeko helburuagaz. “Gerra inperialistaren zein Europako estatuen berrarmatzearen, eta faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada ikusten ari garen testuinguru honetan beharrezkoa da honi buruz informatu eta hausnartzeko espazioak sortzea, baita joera hauei aurre egiteko saretzea eta antolatzea ere”.
Hala, 12:00etan emango diote hasiera egitarauari Plazagainen Nola egin aurre gerraren eta faxismoaren hedapenari hitzaldiagaz, eta ondoren, mural margoketa egingo dute Alde Zaharrean. Bitartean, Unai Osa arduratuko da, Funk musika jarrita, Alde Zaharra girotzeaz. 15:00etan Plazagainera igoko dira berriro, eta bazkarian batuko dira denak: “Bazkariko tiketak Alai tabernan edo gutako norbaiti eskatuta eskuratu daitezke”.
18:00etan “kontaktuko kirolen” erakusketa egingo dute Plazagainean, Ondarroako eta inguruko herrietako gazteen eskutik. Egitarauari amaiera emateko Jamaiketako! egongo da Alde Zaharrean reggae musika jartzen. Lea-Artibaiko GKSkoek egunaren parte izatera gonbidatu nahi dituzte eskualdeko gazteak: “Interesa duen edonor gonbidatu nahi dugu zapatuan; beraz, animatu egunaren parte izatera!”.