"Borrokan jarraitzeko indarrarekin" daude Uribarren-Abaroa erresidentziako langileak
Joan den barikuan [ekainak 6] Uribarren-Abaroako langileen bi urteko borroka jasotzen duen erreportajea aurkeztu zuen Kontseilu Sozialistak. Era berean, Lortu erresidentziako langile independenteen sindikatua ere aurkeztu zuten.

Joan den barikuan [ekainak 6] Lekeitioko Uribarren-Abaroa erresidentziako langileen borroka ezagutzeko aukera eduki zuten herritarrek. Izan ere, erresidentziako langileen bi urteko borroka jasotzen duen erreportajea egin du Kontseilu Sozialistak, eta haren proiekzioa eskaini zuten Azkue aretoan: “Ekitaldiaren balorazio ona egin dugu; herritarrak hurbiltzea nahi genuen, eta hori lortu dugu. Bestalde, Lortu sindikatu berriaren programa eta aldarriak ere zabaldu ahal izan ziren, eta borrokan jarraitzeko indarrarekin atera ziren langileak aurkezpenetik. Aurrerantzean ere, klase batasunarekin eta gure klasearen interesei begira jardungo du Lortu sindikatuak”.