26. Zapato Azule hartzeko prest dago Ondarroa
259 lagun batuko dira Dinamartxan; 183 bizikletan, eta 76 oinez. Ondarroako Udalak neurri "bereziak" hartu ditu Zapato Azulerako.

Ondarru kolorez jazten daben Zapato Azule. 2012an Esne Beltzak Radixu Irratiak antolatutako Zapato Azulerako egindako abestia ezaguna omen da Euskal Herriaren luze-zabalean, eta eguna bera ere, askok, borobilduta daukate egutegian. Hala, Ondarroa eta ondarrutarrak prest daude bihar ospatuko den 26. Zapato Azulerako.
Auiminyulinblu! lo bailau, bailau esta! lelopean egun guztiko egitarau “oparoa” antolatu dute Ondarroan. 11:00etan Radixu Irratiaren kaleko zuzeneko emisioagaz emango diote hasiera jai giroari (105.5 FM edo Radixu.info), eta Radixu Irratiko kideek bertatik azalduko dituzte egunaren nondik-norakoak. Ordu berean, 26. Euskal Herriko kamiseta azokak ateak irekiko ditu Latxanbre plazan.
Hamazortzi postu egongo dira, eta herriko eragileez gain, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik ere joango dira azokara. Herriko taldeei dagokienez, Radixu Irratia, Turismo Bulegoa, Zurkulu, Txirrimorraski, Eusconecta eta Ondarroako Arraun Elkartea izango dira postua jarriko duten taldeak. Euskal Herri mailako beste hamabi taldek ere parte hartuko dute: Tallerra Tattoo, Artea Soinean, Arnasa, Euskaralogikoada, Larra espeleologia espedizioa, Euskal Herrian Euskaraz, Mutrikuko Rugby Taldea, EM Zirrimarra, The Basque, Xipiroi, Kokotxa eta Ez kexa. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, kamiseta azokan kamisetaren bat erosten duenak zozketan parte hartzeko aukera edukiko du; Ondarroako Cantabriko tabernan bazkaria edo afaria irabazi dezake. Kamiseta Azokaren momentu berean, Artisau Azoka egongo da Kanttoipe errebueltan.
Hala ere, jaiak, 12:00etan egingo du eztanda; izan ere, Manuelen bolanderagaz batera emango diote hasiera ofiziala egunari, Alde Zaharreko Alai tabernako balkoitik. Bolanderarekin batera irekiko da Alde Zaharreko txosna.
Ondoren, Xabi Solanok eta DZk kontzertua eskainiko dute Kalekutzeko eskaileretan: “Esne Beltzaren zikloa amaitu berri den honetan, ideia polita iruditu zitzaigun Solanori Zapato Azulera etortzeko proposamena luzatzea”. Era horretan, Alde Zahar guztia kantuan jarriko dute Solanok eta DZk.
Kontzertuaren ostean, urtero legez, Faltaten dizenak gogun hartute lelopean elkarretaratzea egingo dute, eta Kresalako banda eta Artelango erraldoiak ere bertara agertuko dira. 14:00etan, Dinamartxari ongi etorria emango diote irrintzi eta musika artean. Urtero, momentu «hunkigarria» izaten da Dina Bilbao Barruetabeñaren omenez egiten den Dinamartxaren ailegaera. Aurten 259 lagunek egingo dute Tolosatik Ondarroara arteko ibilbidea; 76 oinez helduko dira, eta 183 bizikletaz.
Jaiak betiko formatuan jarraituko duen arren, zenbait aldaketa egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek: “Aurten aldaketa bat izango dugu balkoian. Urtero balkoian egon den Radixu Irratiko kide Nekane Akarregik erreleboa eman du. Baina Zapato Azulera arte ez da jakingo zein egongo den balkoian; beraz, sorpresa izango da”. Dinamartxari ongi etorria eman ondoren botako dute Radixu Irratiaren pregoia, eta aurtengo omendua zein izango den jakinaraziko dute. Horrez gain, Euskal Herriko eta Ondarroako kamiseta onenaren eta erakusleiho onenaren sari banaketa egingo dute. Ondoren, TXO! Antzerki Kolektiboak antzerkia eskainiko dio omenduari.
Urtero legez, gune ezberdinak egongo dira herrian zehar, arratsaldeko egitaraurako. Goizean Danak Etxea! taldearen txosna egongo da Alde Zaharrean, eta arratsaldean, herriko eragile desberdinek guneak zabalduko dituzte. Aurten, Musika Plaza ezin daitekenez erabili, herriko frontoira mugatuko du bere gunea Ernaik. Zubi Zahar Herri Ikastola Kafeko Atzean egongo da, eta Itsasaurren Mugimendu Sozialistak jarriko du berea.
Udalaren neurriak. Zapato Azulak hartutako dimentsioa ikusita, neurri “bereziak” hartu ditu aurten Ondarroako Udalak: “Neurri horiek gai desberdinei dagozkie eta iragan urteetako balorazioen eta udaleko sail desberdinen arteko lanketaren ondorio dira”. Hala, udaltzaingoaren zerbitzua indartzea, mediku zerbitzua jartzea, aparkalekuak egokitzea, herria hurrengo egunean garbi egoteko baliabideak areagotzea, komun gehiago ipintzea, hondakinak biltzeko edukiontzi bereziak jartzea eta igogailu publikoak ixtea izango dira hartutako neurrietako batzuk.
Horrez gain, aurten ere Ondarroako Udalak, eraso matxisten kontrako protokoloaren baitan, etengabeko arreta zerbitzua jarriko du, 18:00etatik biharamuneko 08:00etara. Eraso matxistak artatzeko zerbitzua egongo da; Etxelilan (Artibai 3) aurrez aurrekoa, baita telefono bidezkoa ere, 688 77 27 72 zenbakira deituta. Gainera, Berdintasun sailak herriko eragile zein tabernekin protokoloaren lanketa eta prebentzioan sakontzeko saioa gauzatu du aste honetan. Hurrengoak izan dira parte hartzaileak: Alai, Gau Argi, Anaitasuna, Kabia, Apallu, Arrantzale, Ernai, Danak Etxea!, Zubi Zahar Herri Ikastola, Mugimendu Sozialista eta Radixu Irratia.
Elkarretaratzea. Bestalde, Zapato Azule ekainaren 28an –LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna– izanik, Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak ere “prest” daude kaleak hartzeko. Hala, Zapato Azule bezalako “jai masiboaren aurrean”, Ondarroako Zubi Zaharrean elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, Zure ostadarra ez da gure borroka lelopean. Gainera, arrosa jantzita joateko deia egin diete Lea-Artibai eta Mutrikuko “desbiau guztiei”.
Ekainak 27, barikua
- 23:00. Mendiz-mendiko Dinamartxara doazenak Itsasaurreko geltokitik aterako dira autobusean, Tolosarantz.
Ekainak 28, zapatua
- 01:00. Tolosatik mendirik mendi Dinamartxa oinez, Ondarroarantz.
- 07:00. Dinamartxan bizikletan doazenak Itsasaurretik aterako dira autobusean, Tolosarantz.
- 09:00. Tolosatik Dinamartxa bizikletaz, Ondarroarantz.
- 11:00. Radixu Irratiaren kaleko zuzeneko emisioa.(105.5 FM edo radixu.info)
- 11:00. Euskal Herriko Kamiseta Azoka, Latxanbre plazan.
- 11:00. Artisau Azoka, Kanttoipe Errebueltan.
- 12:00. Alaiko balkoitik ZAPATO AZULAren hasiera. Txosnaren irekiera Alde Zaharrean.
- 12:10. Ondarruko Txistulariak kalerik kale.
- 12:30. Xabi Solano + DZ Kalekutzeko eskaileretan.
- 13:30. Faltaten dizenak gogun hartute Kalekutzeko eskaileretan.
- 13:30. San Pedro txurrutik Kresalako banda eta Artelango erraldoiak Zubi Zaharrerantz.
- 14:00. Dinamartxaren ailegaera. Ongi etorria Alaiko balkoitik irrintzilariekin, Kresalako bandak lagunduta.
- Ondoren, Radixu Irratiaren pregoia + aurtengo omendua jakinaraziko da.
- 14:45. Sari banaketa Alaiko balkoitik: EHko eta Ondarruko kamiseta onenak eta eskaparate onenai + Cantabrico Jatetxeak oparitutako lagun birentzako bazkaria edo afariaren zozketa.
- 15:00. Euskal Herriko Kamiseta Azokaren itxiera.
- 15:00. Kalekutzean, Txo! Antzerki Kolektiboaren sketch-a omenduari.
- 16:30. Itsasaurren, Altxa Porru erromeria.
- 18:00. Kalekutzeko eskaileretan, Stepi.
- 18:00. Kafeko Atzean, Umeen jolasak (Txirrimorraski).
- 18:00. Itsasaurren eta Frontoian, Zumba!
- 18:30. Itsasaurren, Altxa Porru.
- 19:00. Frontoian, Zerotan.
- 20:00. Kafeko Atzean, Euskal Erromeria: Banakutik Larrain dantzara.
- 20:15. Itsasaurren, DJ Mali.
- 20:30. Frontoian, DJ Oihana Begana.
- 22:00. Kafeko Atzean, Erromeria: Musutruk. Ondoren, DJ Jo ta Txo.
- 23:00. Itsasaurren, 48280.
- 23:00. Frontoian, DJ Adarrak.
- 00:15. Itsasaurren, DJ EO.
- 01:00. Frontoian, Alloxelets.
- 03:00. Itsasaurren, DJ Maikino.
- 03:00. Frontoian, Unai Diaz.