Euskal Herriko 26 erraldoi elkartuko ditu Lekeitioko Erraldoien Topaketak zapatuan
Lekeitioko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak Erraldoien Topaketa egingo du zapatuan [ekainak 28] Lekeition, San Pedro jaien baitan. 11:00etan plazan egongo dira ikusgai erraldoiak, eta ostean kalejira eta dantzak eskainiko dituzte: "Ikusgarria izango da".

Erraldoien zale diren eskualdeko biztanleek, bertatik bertara edukiko dute asteburuan Euskal Herriko erraldoi ugari ikusteko aukera. Izan ere, sortu berri dute Lekeitioko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa, eta eurek antolatuta, Erraldoien Topaketa ospatuko dute zapatuan [ekainak 28] Lekeition, San Pedro jaien baitan.
Guztira 26 erraldoi ibiliko dira Lekeitioko kaleetan zehar. Antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herriko probintzia bakoitzeko erraldoiak ekarri nahi izan dituzten arren, ez da posible izan. Hala ere, ez dira atzean geratu, eta etxeko konpartsagaz batera, beste sei talde egongo dira Lekeition: Buztintxuri (Iruñea), Arai (Gasteiz), Zubira (Portugalete), Ekaitz (Beasain), Uharte-Arakilgo erraldoiak eta Markina-Xemeingo Erraldoiak.
Ez dira gainera, edonolako erraldoiak izango. San Pedro jaietan erraldoien kalejira egin ohi dute lekeitiarrek, baina aurten Lekeitiok 700 urte betetzen dituenez, keinu bat egin nahi izan diete egitasmoari: “Aurten topaketa berezi bat egin nahi izan dugu, Lekeitiok 700 urte betetzen dituela aprobetxatuz. Horregatik nahi izan dugu Euskal Herriko probintzia bakoitzeko erraldoiak ekarri, baina ezinezkoa izan da. Hala ere, erraldoi bereziak egongo dira Lekeitiorekin lotura dutenak”. Esaterako, Portugaletetik Maria Diaz de Haroren erraldoia eta Uharte-Arakiletik Martija Jauregiren erraldoia ekarriko dituzte: “Maria Diaz de Harok izendatu zuen Lekeitio hiribildu modura, eta horregatik ekarriko dugu. Marija Jauregi, aldiz, Miren Agur Meaberen liburu bateko protagonista da; haren aita Lekeitioko medikua izan zen XVI. mendean, eta lotura estua zekuan Lekeitiorekin”.
Hala, 11:00ak ingururako herriko plazan ipiniko dituzte erraldoi guztiak ikusgai, bertaratzen direnek ikusi nahiz erraldoiekin argazkiak atera ahal izateko. Ostean, 12:00etan, kalejira egingo dute, “baina ez beti egiten den kalejira”. Izan ere, plazan hasi, eta Isuntzako paretik joanda, portua zeharkatu eta Talarantz joango dira: “Tinglauan erraldoi guztiek dantzan egingo dute, eta ikusgarria izango da. Amaieran polonesa berezi bat ere egin nahi dugu, Anteron Txamarrotia abestiagaz”. Dantza egin aurretik, baina, konpartsa bakoitzaren aurkezpena eta Jauregiren eta Diaz de Haroren azalpenak emango dituzte; amaitzeko, kalejiran itzuliko dira berriro plazara.
Eguna heltzeko “gogoz”. “Denbora asko” daramatzate konpartsako kideek zapatukoa antolatzen, eta “pozik eta gogoz” daude eguna heltzeko: “Lan asko egin dugu dena antolatzen, eta ilusionatuta, pozik eta gogo askorekin gaude. Iparraldeko erraldoirik edukiko ez dugun arren, gustatuko litzaiguke hurrengo urteetan ere antolatzen jarraitzea eta Euskal Herriko txoko desberdinetako erraldoiak ekartzea. Aurten datozenak ere ilusionatuta eta gogo askorekin daude eguna heltzeko. Adibidez, Portugaletetik autobusa antolatu dute etortzeko, eta Beasaingoek buruhandiak ere ekarriko dituzte”.
Konpartsako kideek zapatuan Lekeitiora bertaratzeko deia egiteaz gain, herritarrei konpartsako kide izateko dei egin diete: “Herritar batzuk gaude konpartsan, baina jendea behar dugu. Ez bakarrik erraldoiak ateratzeko, baita bestelako kontuak antolatzeko ere. Taldera batu nahi duen edonor ongietorria izango da, baita erraldoien atzetik etorri nahi duten guraso eta umeak ere”. Hala, jakinarazi dutenez, zapatuan [ekainak 28] konpartsako kide egiteko aukera egongo da.