San Pedro jaiekin udari hasiera emateko prest daude lekeitiarrak
Zapatuan [ekainak 28] hasi eta lau egunez ez dute etenik izango San Pedro jaiek Lekeition. Arrantzaleen patroiagaz gogoratu, eta tradizioz betetako jaiak dituzte aurretik lekeitiarrek, baina, berrikuntzak ere egongo dira tartean. Erraldoien Topaketa, Lekittoko Deabrutxuen Correfoca, danborrada herrikoia, herriko taldeen kontzertuak nahiz umeentzako ekintzak egongo dira aukeran. Kaxarranka Olatz Marurik dantzatuko du.
Ekaina amaitzear, “udari hasiera emateko jaiak” izan ohi dira San Pedro jaiak batzuentzat, eta “tradizioz betetako jaiak” besteentzat. Hala, bata nahiz bestea pentsatu, zalantzarik ez dago zapatuan [ekainak 28] hasi eta lau egunez jai giro bete-betean murgilduko direla lekeitiarrak.
Lehenengo bi egunak izango dira tradiziozko ekimen gehien hartuko dituztenak, baina egongo da berrikuntza eta aldaketetarako tartea ere. Horietako bat izango da Lekeitioko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak antolatutako Erraldoien Topaketa. 26 erraldoi elkartuko ditu topaketak, eta Iruñea, Gasteiz, Uharte-Arakil, Portugalete, Beasain nahiz Markina-Xemeindik joango dira, etxeko konpartsagaz batera: “Ikusgarria izango da. Normalean kalejira egiten da, baina aurten Lekeitiok 700 urte betetzen dituenez, zerbait berezia egin nahi izan da.
Egun berean ospatuko dute Salazoi Eguna ere. Aeroplano Bi elkarteak hamaika urte daramatza eguna antolatzen, eta aurtengoan ere, salazoia zelan egiten zen azalduko dute. Bazkalostean, aldiz, sanpedroetako esku pilota eta zesta punta txapelketako finalak jokatuko dituzte kirolariek, eta egunagaz amaitzeko Mugi Panderoa erromeria egongo da: “Zapato Azule ere badago Ondarroan, eta ez dakigu zenbat jende etorriko den, baina asmoa plaza ingurua girotzea da. Gainera eguraldi ona dago emanda, eta bertaratzeko deia egiten diegu herritarrei”.
Domekakoa [ekainak 29] da, zalantzarik barik, tradizioa gehien mantentzen duen eguna: “Ohitura eta kultura aldetik tradizioa gehien mantentzen duen eguna da. Kilin Kalakoa, Kaxarranka, emakumeen aurreskua… horiek guztiak herrian nahiko errotuta daude”. Hala, goizean agintarien prozesioa eta San Pedroren omenezko prozesioa egingo dituzte herritarrek, eta ostean, Etorkizuna Dantza Taldeak Kaxarranka dantzatuko du: “Antzinako dantza ikusgarri hau bakarra da Euskal Herrian”. 2022an Ane Maruri Basterrika izan zen Kaxarranka dantzatu zuen lehenengo emakumea, eta aurten Olatz Maruri Basterrika ahizpak hartuko dio erreleboa; ez da lehenengo aldia izango Kaxarranka dantzatzen duena, baina bai, San Pedro jaietan. Marurirekin batera, Naia Rojo eta Ainara Ruiz izango dira aurrelari eta atzelariak.
Beste hainbat ekintzaren artean, egunagaz danborrada herrikoiarekin amaituko dute. Zaletxuak taldeak antolatuta, partaide aldetik “justu samar” ibili diren arren, lortu dute aurrera ateratzea: “Jendea mila tokitan ibiltzen da, eta kosta egiten da danborradarako jendea aurkitzea. Hala ere, aurten lortu dugu jende nahikoa, eta pozik gaude danborrada egongo delako, ze, nahikotxo girotzen du. Eskertzekoa da herritarrek egindako entseguak; emaitza polita izaten da”.
Arrantzaleen patroia. San Pedro txiki eta San Pedro baltza [ekainak 30 eta uztailak 1] ospatuko dituzte jarraian, eta San Pedro arrantzaleen patroia dela ahaztu barik, martitzenean lore eskaintza egingo dute San Pedro baltzaren aurrean. Bazkalostean, aldiz, Lagun Zarrak elkartearen ekimenez Slavers eta Errota taldeen kontzertuak egongo dira: “Egun horretako ohiturak eta kontzertuak berreskuratu nahi izan dira, eta aurten lehenengo pausua emango dute. Hori horrela, herriko partaideak dituzten musika taldeen kontzertuak egongo dira; gogotsu gaude entzuteko”.
Umeek ere edukiko dute zer egina bi egun horietan. Astelehenean, esaterako, goizean buruhandiak eta erraldoiak ibiliko dira herriko kaleetan zehar, eta gauean Lekittoko Deabrutxuek debutatu egingo dute; euren lehenengo Correfoca egingo dute. Martitzenean, ostera, 11:00etatik aurrera umeentzako jolasak antolatu ditu Bixi-Bixi Auzolanian taldeak.
- Zapatua [ekainak 28], San Pedro bezpera
- 11:00. XXVI. Kilin Kala igeriketa lehiaketa, Garraitz Kirol Taldeak antolatuta.
- 12:00. Buruhandi eta erraldoien topaketa.
- 12:00-15:00. XI. Salazoi Eguna, plazako arbolapean. Aeroplano Bi elkarteak antolatuta eta Kantu tailerrak eta Itxaropena txistulariak lagunduta.
- 16:00. San Pedroetako esku pilota eta zesta punta txapelketako finalak.
- 21:00. Mugi Panderoa erromeria, plazan.
- Domeka [ekainak 29], San Pedro eguna
- 07:00. Dei eittekuak, kalez kale.
- 10:15. Lekeitioko Udaleko alkate eta zinegotzi jaun-andreen eta kofradiako lehendakari eta arduradunen udaletxetik elizarainoko prozesioa, Txirrist Txarangagaz.
- 10:30. Meza Nagusia, herriko abesbatzak abestuta.
- Jarraian. San Pedroren omenezko prozesioa. Amaieran, antzinako ohitura zaharrari jarraituz, San Pedroren irudiarekin Kilin-Kalakoa egingo da portuko santuaren irudi aurrean. Lea Itsas Ondarea taldeko batelek uretatik harrera egingo diote santuari.
- Gero. Lekeitioko Etorkizuna Dantza taldearen eskutik, Kaxarranka. San Pedropean dantzatu ostean, Kofradia aurrean dantzatuko da.
- 13:00. Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeak, Eguzki dantza edo Lekeitioko anden aurreskua dantzatuko du.
- Ostean. Kaxarranka, plazan.
- 17:00. Mus txapelketa, Sociedad Recreativan. Izen ematea 16:30ean.
- 20:00. Danborrada herrikoia Aittitta Makurra txarangagaz, ikastola aurretik hasita. Zaletxuak taldeak antoaltuta.
- Ondoren. Suzko zezena plazan.
- 21:30. Aittitta Makurra txarangaren kalejira, plazatik hasita.
- Ekainak 30, San Pedro txiki
- 11:00. Buruhandiak eta erraldoiak, kalez kale, Itxaropena txistulari taldeagaz.
- 12:30. Eguzkilore jubilatuen abesbatza, Baserri tabernan, Eskolapean eta udaletxeko eskaileretan.
- 18:00. XLIII. Irrintzi Txapelketa, Talan. Izen ematea 17:30etik 18:00etara.
- 21:00. Lekittoko Deabrutxoen Correfoc-a.
- 23:00. Talatik udaletxerainoko kalejira, Lekitto Txirrist txarangagaz.
- Uztailak 1, San Pedro baltza
- 11:00-12:30. Umeentzako jolasak, Rufo Atxurra plazan, Auzolanian Bixi-Bixiren eskutik.
- 12:00. Meza, San Pedro baltzaren aurrean (Tortola kalean).
- 12:30. Lora eskaintza, San Pedro baltzaren aurrean.
- Ondoren. Pintxopoteoa, Lagun Zarrak elkartean.
- 19:00. Slavers eta Errota taldeen kontzertua, Rufo Atxurra plazan, Lagun Zarrak elkartearen eskutik.