Barrenetxea-Goikoetxea eta Erkiaga-Lekerika, irabazle
Iragan Nazioen Ligan Euskal Selekzioaren koloreak defendatutako puntistek Berriatuko Mendibarrenen jokatu zuten domekan [ekainak 29].

Euskal Selekzioari eta iragan Nazioen Ligan hura defendatu zutenei harrera beroa eta berezia egin zieten domekan [ekainak 29], berriatuarrek. 19:00retan hasita, selekziokideek herritarren txalo zaparrada eta oroigarria jaso zituzten; gainera, hala emakumezkoen, nola gizonezkoen zesta-punta partiduez gozatzeko aukera ere egon zen.

Argazkia: Berritxu Zesta Eskola.
Batetik, Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal berriatuarrek Helena Barrenetxea durangarra eta Maia Goikoetxea herrikidea izan zituztenaurrez aurre. Partidu estua eta berdindua jokatu zuten, eta lehen setean doi-doi nagusitu ziren Barrenetxea eta Goikoetxea: 14 eta 15. Bigarrenean, baina, Gogenolak eta Aldazabalek beren eskarmentu handiagoa probestu zuten, eta 15 eta 7ko markagailuarekin gailendu ziren. Berdinketa hausteko hirugarren setean, durangarrak eta mutrikuarrak osaturiko bikoteak ez zieten aurkariei ezertarako aukerarik laga: 2 eta 5ekoa, Barrenetxearen eta Goikoetxearen alde.

Argazkia: Berritxu Zesta Eskola.
Gizonezkoen partiduak EƱaut Urreisti mutrikuarra eta Imanol Lopez zumaiarra Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Unai Lekerika gernika-lumotarraren kontra elkartu zituen. Emakumezkoen partiduan gertatu zen legez, lehen setaren markagailu estuak borroka handia bistaratu zuen, Erkiaga eta Lekerika 12 eta 15 nagusitu baitziren. Bigarrenean, Urreisti gazteak eta Lopez beteranoak egoera irauli zuten, eta 15 eta 14ko markagailuarekin seta irabazi. Azkenengoan, kale edo bale egin zuten ispastertarrak eta gernika-lumotarrak, eta 3 eta 5ekoarekin nagusitu ziren.