Egon da zer ospatua San Pedro jaietan
Lekeition, Berriatuan, Munitibarren, Markina-Xemeingo Barinagan, Ziortza-Bolibarko Artan eta Mutrikun ospatu dituzte sanpedroak. Beroa ez da aitzakia izan jaietan murgiltzeko, eta denetan ere, ekitaldiak "oso ondo" joan dira.
Eguraldia lagun, bero larregi ere bai batzuentzat, San Pedro jaietan nahiz San Pedro eguneko ospakizunetan murgilduta igaro dute asteburua hainbat herritan. Lekeition, Berriatuan eta Munitibarren, esaterako, jaiak ospatu dituzte; Lekeitioko jaiek gaur eta bihar [ekainak 30 eta uztailak 1] ere jarraituko dute. Auzoei dagokienez, ostera, Ziortza-Bolibarko Artan eta Markina-Xemeingo Barinagan ospatu dituzte jaiak. Mutrikun, aldiz, San Pedro eguna ospatu zuten atzo [ekainak 29].
Asteburua “primeran” joan dela nabarmendu dute lekeitiarrek. Zapatua [ekainak 28] Erraldoien Topaketagaz hasi zuten. Lekeitioko Udalak adierazi duenez, “oso arrakastatsua eta ikusgarria” izan zen. Hala, Lekeitioko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideek ere, egunaren balorazio “ezin hobea” egin dute: “Oso-oso ondo joan zen, gu poz-pozik gaude, eta konpartsa gonbidatuak ere, oso pozik geratu ziren. Oso polita eta hunkigarria izan zen, eta herritarrek esan digutenez, eurentzat ere hala izan zen. Jende pila bat elkartu ginen”. Lehenengoa izan zen arren, gehiago antolatzeko asmoa ere erakutsi dute konpartsako kideek: “Sekulakoa izan zen, eta gustatuko litzaiguke errepikatzea. Datorren urtean Doña Tomasa Lekeitioko erraldoiak 75 urte betetzen ditu; Bizkaiko zaharrena da, eta beraz, gustatuko litzaiguke horrekin lotutako zerbait egitea”. Erraldoi topaketagaz batera Salazoi Eguna ere ospatu zuten, eta hura ere “oso ondo” joan zela azaldu dute. Eguna, ostera, Mugi Panderoa erromeriagaz amaitu zuten.
Atzo [ekainak 29] aldiz, tradizioz betetako eguna izan zen: “Dei Eittekuakekin esnatu ginen. Gero mezan koroak borobildu egin zuen dena, oso polita izan zen. Kilin kala egin zuten ostean, eta aurten lehenengoz Lea Itsas Ondarea egon zen batelekin, eta ikusteko modukoa izan zen hura ere”. Ostean, eguneko unerik gorena heldu zen: Kaxarranka. Olatz Marurik dantzatu du aurten, eta “hunkigarria” izan zen: “Oso ondo egin zuen. Berari hunkituta ikusten zitzaion, eta azkenerako denok kutsatu ginen. Hunkigarria izan zen. Gero plazan dantzak eskaini zituen Etorkizuna Dantza Taldeak, eta hori ere oso ondo joan zen”.
Berriatuarren San Pedro jaiak ere, “oso ondo” joan zirela adierazi dute udal ordezkariek. Eguenean [ekainak 26] Berritxu Sariagaz hasi zuten eguna: “Normalean jende gutxiago egoten da, baina aurten 30 ikusle inguru egon ginen. Gustura geratu ginen ekitaldiagaz”. Irabazlea Kattin Madariaga Apaolaza nafarra izan zen.
Barikuan [ekainak 27] ostera, Umeen Eguna ospatu zuten, eta Anaitasuna nagusien elkarteak lagunduta, 60 ume inguru elkartu ziren bazkaritarako. Ostean, erraldoien liburua aurkezteko tartea hartu zuten. Tartean jokatu zituzten Briska eta Mus txapelketak ere. Briskari dagokionez, hamalau bikotek parte hartu zuten, eta Maritere eta Feli izan ziren irabazleak. Musean, aldiz, 24 bikote aritu ziren, eta Ainhoak eta Maitek irabazi zuten.
Zapatuan [ekainak 28] tortilla eta entsalada lehiaketa egin zituzten, eta Kukulumutxu eta Kilin-kolon kuadrilek irabazi zituzten. Hala, zapatua “giro ederrean” igarota, atzo [ekainak 29], San Pedro egunagaz batera, kirola izan zen protagonista: “Esku pilota eta zesta partidak jokatu ziren, eta baita bola joko txapelketa ere. Denak oso ondo joan ziren, jende pila bat egon zen”. Hiru txirloko txapelduna Jon Aransolo izan zen.Â
Gaur [ekainak 30] Eraitsi S.L. antzezlanagaz amaituko dituzte jaiak, baina gaur gaurkoz, jaien balorazio “oso ona” egin dute udal ordezkariek: “Giro ona egon da, apur bat bero, baina eguraldiak lagunduta. Oso jai herrikoiak izaten dira, eta aurtengoa ere ondo joan da. Jendea gustura ibili da”.
Munitibarren ere goi-goitik ospatu dituzte sanpedroak, eta balorazio “ona” egin dute: “200 lagun inguru elkartu ginen zapatuko herri bazkarian, giro ederrean. Aurten berrikuntza nagusia izan da herriko kuadrilla bakoitzak jaietarako elastiko edo alkondara propio bat diseinatu behar zutela, eta ideia ona izan da; elastikoetako batzuk plazan ipini zituzten ikusgai”. Aldaketarik eduki ez duena, ostera, San Pedro jaietako kirol eskaintza izan da. Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartearen lana tarteko, Lea Ibarreko I. Rural Kutxa Txapelketaren finalak jokatu zituzten atzo [ekainak 29].
Auzoetan ere, “giro ona”. Markina-Xemeingo Barinaga auzoan ere, “ondo” joan dira jaiak. Barikuan [ekainak 27] hasi zituzten pilota partidekin, eta atzo [ekainak 29] amaitu, jubilatuen bazkariagaz. Zapatuan [ekainak 28], ostera, egun osoko egitaraua eduki zuten. Perratzailearen erakustaldia egon zen lehenengoz, eta bertaratu zirenek balorazio “oso ona” egin zutela adierazi dute jai batzordetik: “Bazekitenak zelan egiten zen ikustera joan ziren gaur egun ja ez delako ikusten, eta sekula ikusi barik zeudenek, ostera, harrituta ikusi zuten”. Ostean 80 lagun inguru elkartu ziren herri bazkarian. Arratsaldean, aldiz, umeen jolasak egin zituzten, eta baita idi probak ere; irabazlea Kamiñoko Jatetxea izan zen, 47 untze eta erdi, 2 metro eta 36 zentimetro eginda. Hiru txirloko txapelketa ere eduki zuten, eta hura Boni Plazak irabazi zuen.
Jaien balorazio “oso ona” egin dute antolatzaileek: “Sekulako giroa egon zen. Egia esan, zegoen berorako, Barinagan jaiak erreka inguruan egiten direnez eta frontoian ere gerizpetan dagoenez, egoteko moduko giroa zegoen. Heldu eta nagusiak ez ezik, belaunaldi berriak ere topera ibili ziren”.
Ziortza-Bolibarko Artan ere ospatu dituzte jaiak: “Oso ondo joan dira jaiak, giro onarekin eta jendea animatuta. Etorri da jendea jaietara, eta aurtengoen balorazio positiboa egin dugu”. Briska txapelketan, esaterako, 22 bikotek parte hartu zuten, eta Maite eta Juanita markina-xemeindarrak izan ziren onenak.
Mutrikun, ostera, atzo [ekainak 29] San Pedro eguna ospatu zuten. Ekitaldi xume baina hunkigarria eskaini zuten hainbat herritarrek, eta eguraldia lagun, itsasoan desagertutako arrantzaleei omenaldia egiteko tartea hartu zuten.

































































































































































































































