Finalaurrekoak, begibistan
Alex Goitia-Imanol Lopez eta Eñaut Urreisti-Thibault Basque bikoteek Markina-Xemeingo Grand Slamerako finalerdietara sailkatzea lortu dute, ligaxkako hirugarren jardunaldiko partiduak poltsikoratu ondoren.

Markina-xemeindar bat etxeko Grand Slamaren finalean egongo da, gutxienez. Markina-Xemeingo Grand Slamaren hirugarren ligaxka jardunaldiak maila handia eta ikuskizun ederra utzi zizkien Uni pilotalekuaren harmailak bete zituzten ikusleei. Txapelketaren finalaurrekoetarako sailkapena jokoan zegoen, eta puntistek ez zuten hutsik egin. Azkenean, erregularren plazaratutako bikoteek lortu zuten hurrengo fasera igarotzea.
Alex Goitia markina-xemeindarra izan zen jardunaldiko ezusteko atseginena. Etxeko pilotariak urrats bat aurrera egin du, lehiari ekin zionez geroztik: segurtasunetik asko irabazi du, sakeak hobetu ditu, baita errebotearen abiadura areagotu ere. Gainera, Nazioen Ligatik egun arte gora eta gora egin duen Imanol Lopez beteranoa dauka bikotekide; txapela janzteko hautagai ere badirela frogatu zuten, Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Mikel Mantzisidor mutrikuarren aurkakoan.

Argazkia: Jai Alai News.
Edozelan ere, gogotik lan egin behar izan zuten markina-xemeindar gazteak eta zumaiar eskarmentatuak. Lehen setean, bana, bina, hiruna, launa, bosna, seina eta zazpina berdinduta joatera iritsi ziren. Handik aurrera, Goitiak eta Lopezek hiru tantoko arrakala urratu zuten markagailuan, 8 eta 11, baina mutrikuar bikoteak hamahiruna berdindu ahal izan zuen. Lopezek seta biribiltzeko saiakera egin arren, Goixerri ez zegoen prest aukerari ihes egiten uzteko, eta markagailua hamalauko berdinketara eroan zuen. Zirt edo zart. Mantzisidorrek Lopezen errebeskada bati pasatzen laga zion, baina pilotak kantxaren eta erreboteko paretaren bitartean egin zuen punpa, eta hala Goixerri, nola Mantzisidor zur eta lur utzi zituen. 14 eta 15ekoarekin galdu zuten seta.

Argazkia: Jai Alai News.
Maila handiko finalaurrekoak aurreikusita daude Uni frontoian, haietan ariko diren pilotariek sasoiko daudela frogatu baitute eta, gainera, bikote kateatze politak sortu baitira. Batetik, Goitiak eta Lopezek Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea izango dituztre arerio; bestetik, Urreistik eta Basquek Johan Sorozabal miarriztarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren kontra neurtu beharko dituzte indarrak.