Bigarren Itsas Erronka Feministari ekingo dio Andrak Erramutan Talde Feministak
Bihar [uztailak 4] emango dio hasiera bigarren Itsas Erronka Feministari Ondarroako Andrak Erramutan Talde Feministak. Aurten, Ondarroatik Bilbora egingo dute arraunean, eta bueltan, Bermeon eta Lekeition egingo dituzte geldialdiak.

Itsasoa gurea ere badelako! lemapean, bigarren Itsas Erronka Feministari ekiteko prest daude Ondarroako Andrak Erramutan Talde Feministako kideak. Bihar [uztailak 4] emango diote hasiera erronkari, eta domekan [uztailak 5] bueltatuko dira Ondarroara. “Iaz Gipuzkoara joan ginen, eta aurten, Bizkaira joango gara. Helburuak berdinak dira: gure adineko emakumeok itsasoa hartu, kostaldeko iruditegia eraldatu, aldarrikapenak plazaratu eta geldialdiak egiten ditugun herrietako mugimendu feministekin sareak sortu”.
Hala, 08:00etan aterako dira Ondarroako portutik bihar, eta iluntzean helduko dira Bilboko Itsas Museumera: “Berezia da guretzat Bilboko Itsas Museumera heltzea; izan ere, Antxustegi ontzia bertan dago, eta nolabaiteko aitortza ere egin nahi diogu”. Hortaz, etzi [zapatua] goizean Bilboko Zirgariei omenaldia egin ondoren, Antxustegi ontziaren ondoan, aldarrikapenak plazaratzeko asmoz, “ekintza publikoa” egingo dutela jakinarazi dute Andrak Erramutan taldeko kideek. Behin mezua zabalduta, Bermeo aldera egingo dute arraunlariek, eta 18:30ean, udalerriko Portu Zaharrean ongi etorri “goxoa” egingo die herritarrek. Bertan egingo dute lo, hurrengo egunerako indarrak hartzeko.
Domekan [uztailak 6] 09:30ean aterako dira Lekeitiorantz, eta eguerdian, ongi etorria egingo diete lekeitiarrek. “Iazko erronkan Lekeitioko Mugimendu Feministak asko lagundu zigun, eta dokumentala era aurkeztu genuen Azkue Aretoan. Iaz egindako harremana aprobetxatuta, Ondarroara bidean bertan geldituko gara, bertako Mugimendu Feministarekin batera”. Taldeko kideek aurreikusten dutenez, 19:00ak inguruan helduko dira Ondarroara, eta 20:00etan herritarrek ongi etorria egingo diete.
Erronka “gogorragoa”. 45 urtetik gorako 30 emakumek osatzen dute Andrak Erramutan taldea, eta taldea “zabala” dela jakinarazi dute: “Aurten lan handia egin dugu azpiegitura guztia antolatzen, eta ondorioz, zaila egin zaigu deialdi zabala egitea. Behin erronka egin ondoren, gure helburua taldea zabaltzea izango da”. Horrez gain, aurtengo erronka iazkoa baino “gogorragoa” izango dela azpimarratu dute: “Ondarroatik Bilbora 74 kilometro egingo ditugu; guztira, 42 mila. Ibilbidea iazkoaren bikoitza izango da: Ondarroatik Bilbora, eta buelta. Beraz, guztira 150 kilometro izango dira; 84 mila“. Hala ere, erronka hasteko ordu batzuk falta diren honetan, Andrak Erramutan Talde Feministako kideak prest daude bigarren erronka hasteko.
EGITARAUA
Bihar, barikua
- 08:00: Irteera Bilborantz Ondarroako portutik.
- 21:00: Ailegaera Bilboko Itsas Museumera.
Etzi, zapatua
- 11:00: Omenaldia Zirgariei, euren estatuak dauden tokian, Abandoibarran, Bilbon.
- 12:00: Ekintza publikoan Itsas Museumaren aurrealdean.
- 13:00: Irteera Bermeorantz.
- 18:30: Ongi etorria Bermeon, Portu Zaharrean.
Uztailak 6, domeka
- 09:30: Irteera Lekeitiorantz.
- 13:00: Ongi etorria Lekeition.
- 18:00: Irteera Ondarroara
- 19:00: Ailegaera Ondarroara.
- 20:00: Ongi etorria herrian, Itsasaurre plazan.