Emanaldi "bereziarekin" emango dio amaiera 60. urteurrenari Gure Ametsa Dantza Taldeak
Zapatuan [uztailak 5] eskainiko dute emanaldia; 22:30ean, Goiko Plazan.
60. urteurrenari amaiera emateko “prest” daude Mutrikuko Gure Ametsa Dantza Taldeko kideak. Izan ere, zapatuan [uztailak 5] urteroko ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute, baina autengoa, “berezia” izango dela adierazi dute: “60. urteurrena berezia izango da guretzat. 60 urte ez dira errez betetzen”. Emanaldia 22:30ean izango da, Goiko Plazan, eta Gure Ametsa Dantza Taldetik jakinarazi dutenez, ez da sarrerarik beharko.
Ordu eta erdiko ekitaldia izango da zapatukoa, eta 44 dantzarik eta 70 musikarik parte hartuko dute. “Mutrikuko Musika Banda, Madalen abesbatza, txistu taldea, akordeoi taldea, Maitane Ayerza eta Juan Arriola izango dira ekitaldian musikaz arduratuko direnak”. Gainera, aurtengo emanaldian Mutrikuko herriaren identitatea islatzen dituzten bi elementu erabiliko dituzte: “Herriaren parte garen heinean, ekitaldi honetan Mutrikuko herriaren bi identitate elementu nahi ditugu islatu oholtzan dantza bidez transmitituko dugun istorio baten bitartez: baserria eta arrantza”.