"Kalitatezko musikariak" igoko dira 7. Jazzaldiko oholtzara
Uztailaren 17, 18 eta 19an ospatuko dute aurtengo Jazzaldia, Uhagonen. Musikarien artean Haizea Martiartu markina-xemeindarra eta Maite Ruiz de Erentxun lekeitiarra egongo dira.

Jazz musikak badu tokia Lea-Artibain, eta Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunea da hori. Karmen jaiak amaitu eta berehala, 7. Jazzaldia ospatuko dute bertan, uztailaren 17, 18 eta 19an, hain zuzen ere. Aurkeztu dute aurtengo egitaraua, eta “kalitatezko musikariak” igoko dira oholtzara.
Jaialdia irekitzeko ardura iruñarrek izango dute. 19:30ean kalez kale ibiliko da Broken Brothers Brass Band taldea: “Iruñeko kaleetan jaiotako bandak New Orleanseko kale taldeen egungo eta ohiko soinua dakat. Jazz garaikidea, rapa eta gospela gure kaleetako bizitza islatzen duten kantuekin uztartuko dute”. Hala, “herritarren gustuko izatea” espero dute antolatzaileek.
Bigarren egunean, ostera, lekeitiar bat igoko da oholtzara: “19:30ean Maite Ruiz de Erentxun etorriko da, baina zazpikote formatuan: bera eta beste sei musikari. Oraintxe kaleratu du lehenengo diskoa, eta bera soinu jotzailea den arren, jazza eta euskal tradizioa uztartuko ditu. Haize freskoa ekarriko du”. Hala, kontzertua “bidaia bat” dela adierazi dute: “Euskal kulturaren ospakizunetatik abiatutako bidaia bat, kultura berriak ezagutzeko desia adierazten duena, mugimendua daukana… Jazz fresko eta malgu batez gozatuko dugu”.
Zapatuan [ekainak 19] ostera, bi kontzertu egongo dira: Lluis Coloma Trio eta Haizea Martiartu 4tet. Lehenengoak zabalduko du eguna 19:30ean, eta bigarrenak, ostera, jaialdia itxiko du, 21:00etan. Lluis Coloma piano jotzailea da, eta harekin batera etorriko dira Manolo German kontrabaxuan, eta Arnau Julia baterian: “Blues, jazz eta bugi-bugi estiloko musika entzun ahalko da, doinu dinamiko eta erritmo alaiekin”.
Ostean, Haizea Martiartu etxeko musikariaren txanda izango da, izan ere, markina-xemeindarra da Martiartu: “Jaialdia herritar batekin ixtea pentsatu genuen, eta horregatik, Haizea Martiartu etorriko da beste hiru musikarirekin batera. Saxofoi jotzailea da bera, eta urte asko daramatza jazz munduan”. Hala, jazz tradizionala eta euskal sustraiak uztartuko ditu Martiartuk.
Bertokoen presentzia. Antolatzaileak pozik agertu dira eskualdeko musikariek aurtengo jaialdian izango duten errepresentazioagaz: “Espero dugu entzuleen gustukoa izatea aurtengoa; pozik gaude lau musikaritik bi eskualdekoak direlako”. Izan ere, Lea-Artibaiko jazz jaialdi bakarra da Markina-Xemeingoa, eta bertoko musikariei ere tokia eman nahi izan diete. Era berean, eskualdeko jazz jaialdi bakarra izateak, era berean, “gero eta jende gehiago” erakartzea dakar: “Gustura gaude, ze, erantzun ederra edukitzen du urtero. Horrek, urtez urte antolatzen jarraitzeko gogoa ematen digu.
Bestalde, aurtengo kartelagaz babesa eta elkartasuna erakutsi nahi izan diete Palestinari: “Palestinako herriarekin egon nahi dugu, eta horregatik sartu ditugu euren banderako koloreak. Nahiz eta jaialdi hau txikia izan, ez gara eurekin ahaztu, eta han gertatzen ari den dena salatu nahi dugu”.
Egitaraua:
- Uztailak 17, eguena.
- 19:30. Broken Brothers Brass Band, kalez kale.
- Uztailak 18, barikua.
- 19:30. Maite Ruiz de Erentxun, Uhagonen.
- Uztailak 19, zapatua.
- 19:30. Lluis Coloma Trio, Uhagonen.
- 21:00. Haizea Martiartu 4tet, Uhagonen.