Plaza Beltzeko umeen margotzeko horma berriro margotuko dute
Lekeitio Lagunkoiak martitzenean [uztailak 8] egingo du auzolana, 18:00etan, Plaza Beltzean.
Lekeitio Lagunkoiak ikasturteko azken auzolan ekintza egingo du martitzenean [uztailak 8]: Plaza Beltzeko umeen margotzeko horma margotuko dute berriro ere. 18:00etan ipini dute hitzordua, Plaza Beltzean; ekintza horren ostean, irailean itzuliko dira ohiko hileroko auzolan ekintza berriekin.
Lagunkoiako kideek adierazi dutenez, umeen margotzeko horma “beteta” dago, eta herritar nahiz bisitariek berriro ere margotzeko aukera eduki dezaten, atzera ere pintatu egingo dute, “euren sormena horman irudikatzeko”. Era berean, nabarmendu dute egin duten auzolan “arrakastatsuena” izaten ari dela erabilpen aldetik, eta “maiz” ikusten direla umeak hormaren aurrean euren marrazkiak egiten.
Herritarrei, nahiz lagundu nahi duten denei, bertaratzeko deia egin diete; amaieran, bakoitzak ekarritako janariarekin, mokadutxoa jango dute.