Sankristobalei ekiteko prest
Markina-Xemeingo Iturreta auzoko bizilagunek sankristobalak ospatuko dituzte asteburuan, eta ez dira herri kirolak eta herri bazkaria faltako.
Uda hasi eta aurrera doala iragartzen duen zerbait bada, bata bestearen atzetik datozen herri eta auzoetako jaiak dira. Sanjoanak eta sanpedroak atzean utzita, sankristobalak ospatuko dituzte orain, besteak beste, Markina-Xemeinen. Izan ere, San Kristobal Deunaren eguna uztailaren 10ean izanik, jaiak aurretik egitea aukeratu dute zenbait lekutan, besteak beste, Iturreta auzoan.
Iturretan denetariko ekintzez beteriko egitaraua prestatu dute etzirako. Egunari ekiteko, Baldaburuko bunkerretara mendi ibilaldia egingo dute eta 10:00etan jarri dute hitzordua, plazan. 11:00etan, berriz, meza eta ibilgailuen bedeinkazioan elkartuko dira.
Jarraian, herri kirolek hartuko dute Iturreta. 500 kiloko harriagaz, Xabi Aransolo Kalzakorta Errota, Markel Egurrola Etxaniz Adorrixa, Aitor Etxaniz Anitua Olazar eta Jon Gisasola Zenikazelaia Zelai gizon proban arituko dira, bi untza nork arinago egin. Emakume proba erakustaldia ere egongo da: Olga Artiñano Cuesta laudioarra eta Ainize Perez Fernandez eatarra 250 kiloko harriagaz ibiliko dira.
Ostean, umeak txapel jaurtiketan batuko dira: irabazleak 15 euro jasoko ditu, bigarrenak 10 euro eta hirugarrenak 5 euro. Gainera, parte hartzaile guztiek gozokiak jasoko dituztela iragarri dute. 14 urtetik gorakoak, berriz, txinga eroate eta abarketa jaurtitzean batuko dira eta trebeenek 30 euro jasoko dituzte. Horien kasuen, parte hartzaileentzat edaria eta pintxoak egongo direla azaldu dute.
Beti Alai Elkartean bazkaritarako batuta biribilduko dute ospakizun eguna. Menuaren prezioa 25 eurokoa da helduentzako eta 12 eurokoa, umeentzako. Sankristobalak agurtzeko, jaietako zozketan 1.000 euro zozkatuko dituzte.
EGITARAUA
- Etzi.
- 10:00. Mendi ibilbidea, Baldaburuko bunkerretara, plazan hasiera.
- 11:00. Meza eta ibilgailuen bedeinkazioa.
- 12:00-15:00. Puzgarriak umeentzat, eguraldi ona baldin badago.
- 12:00. Gizon proba 500 kiloko harriagaz (Xabi Aransolo Kalzakorta Errota, Markel Egurrola Etxaniz Adorrixa, Aitor Etxaniz Anitua Olazar eta Jon Gisasola Zenikazelaia Zelai) eta emakume proba erakustaldia, 250 kiloko harriagaz (Olga Artiñano Cuesta eta Ainize Perez Fernandez).
- Ostean. Txapel jaurtiketa umeentzat, eta txinga eroate eta abarketa jaurtitzea, 14 urtetik gorakoentzat.
- 14:30. Bazkaria, Beti Alai Elkartean.
- Bazkalostean. Errifaren zozketa.