Jai Alai, liga sailkapenerako borrokan geltoki garrantzitsu
Uztailaren 19tik abuztuaren 16ra bitartean jokatuko dute gaur [uztailak 14] aurkeztu duten Gernikako Grand Slama. Eñaut Urreisti eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrek bikotea osatuko dute; Aritz Erkiaga ispastertarra, berriz, Unai Lekerika gernika-lumotarrarekin ariko da.

Gernikako Grand Slama, Jai Alai Ligarako berebiziko txapelketa puntuagarria izango dena, ate joka dago. Zapatuan [uztailak 19] abiatuko dute Jai Alaiko udako lehiaketa, eta abuztuaren 16ra bitartean jokatuko dute, maila handiko parte hartzearekin. Liga erregularra amaitzeko hilabete biren faltan, puntistek hainbat lehia dituzte aurrez aurre, eta Gernika-Lumokoa, “oso garrantzitsua” izango da, Eraman Jai Alaiko antolatzaileen berbetan. Sailkapena, izan ere, pil-pilean dago, Donostian jokatuko duten Lauko Finalari begira.
Hamabi puntistak parte hartuko dute Gernikako Grand Slamaren aurtengo ekitaldian, eta antolakuntzak sei bikote lehiakor osatu ditu. Hautagaitza “argiegirik” gabeko lehia aurreikusi dute: borrokatua eta estua. Etxeko bi puntistak, Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak, partaideen artean daude. Barandikak Gorka Sorozabal miarriztar gaztea izango du bikotekide, eta Lekerikak, aldiz, Aritz Erkiaga ispastertar beteranoa.
Beraiekin, honako bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago zesta-puntaren katedralean: Eñaut Urreisti–Mikel Mantzisidor, Jean Dominique Olharan–Thibault Basque, Johan Sorozabal–Julen Del Rio eta Ludovic Ladutxe–Imanol Lopez. A multzoa Erkiaga-Lekerika, Urreisti-Mantzisidor eta Olharan-Basquek osatuko dute, eta B taldea Barandika-Sorozabal, Sorozabal-Del Rio eta Ladutxe-Lopezek. Txapelketan egongo ez den izarra, bestalde, bere herrikideen aurrean nagusitu berri den Alex Goitia markina-xemeindarra izango da; Ion Ibarluzearekin batera jokatu zituen Gernikako aurre kanporaketak, baina finalerdietan mutrikuar bikoteak lehiaz kanpo utzi zituen.
Jai Alai Ligari dagokionez, Markina-Xemeingo Grand Slamean txapeldunorde geraturiko Urreistiren eta Erkiagaren arteko lehia ezin estuagoa da egun, eta Gernika-Lumokoa geraleku esanguratsua izango da alde horretatik. 21 urteko mutrikuarrak 38 urteko ispastertarraren tokia hartu du, eta egungo liderra da, 11.500 punturekin; 1.520 puntuko aldea dauka gaur-gaurkoz Erkiagarekiko (10.980 puntu). Gernika-Lumon, 2.000 puntu egongo dira jokoan, baina biek ala biek “lasaitasun osoz” bizi dute.
Lehiaketaren egutegia.
Uztailaren azken bi zapatuetan eta abuztuaren lehendabiziko bietan jokatuko dituzte partiduak, denak 21:00retan hasita. Lehen hitzorduan, Barandika eta Sorozabal Ladutxeren eta Markina-Xemeingo garaile Lopezen kontra ariko dira lehenik; ostean, Urreisti eta Mantzisidor Olharanen eta Basqueren aurka. Bigarren jardunaldian, Sorozabalek eta Del Riok B multzoko garaileak izango dituzte arerio; Erkiagak eta Lekerikak, ordea, A multzokoak. Hirugarren egunean, Sorozabal eta Del Rio B multzoko galtzaileen kontra ariko dira, eta Erkiaga eta Lekerika, A multzoko galtzaileen aurka. Finalaurrekoak abuztuaren 9an jokatuko dituzte, eta final handia San Roke egunean, Gernikako jaietan bete-betean sartuta, jokatuko dute.
Erkiagak, bikoteen osatzeaz galdetuta, argi du bere hautagaitza: “Nik txapelketa aurkepen denetan Lopezek norekin jokatzen duen begiratzen dut; hura da faborito niretzat. Oraingo honetan, Ladutxe moduko aurrelari fisiko batekin jokatuko du”. Ispastertarrak, Lekerikarekin batera, beraiei aurre egiteko “besteko maila” dutela uste du: “Azken partiduetan oso ondo konpondu gara; hainbat modutara jokatu dezakegu, partidura moldatuz”.
Aritz Erkiaga: “Eñaut Urreisti eta biok orain arte parekatuta ibili gara, baina aurrerantzean lau Grand Slam jokatuko ditugu; uda sasoian asko argituko da liga sailkapena”
Winter Seriesek udako txapelketaren “apur bat ezkutatu” arren, Gernikako Grand Slamaren maila azpimarratu du ispastertarrak: “Nork bere hautagaiak eduki ditzake, baina maila orokorra egundokoa dela ukaezina da, ligako goi postuetan dauden puntista guztiek parte hartuko dutela ez baita kasualitatea”. Hain zuzen, “lasaitasunez” bizi du Urreisti eta bere arteko lehia, lidergoa nork lortuko: “Orain arte parekatuta ibili gara, baina aurrerantzean lau Grand Slam jokatuko ditugu; uda sasoian asko argituko da liga sailkapena”.
Eñaut Urreisti: ” Mantzisidor eta biok, egokitzen zaigun jokoa egitea lortuz gero, Erkiaga-Lekerika moduko hautagaien pare ibili gaitezke”
Mutrikuar gazteak ere pareko iritzia du: “Lortutako guztiaz pozarren nago, baina garrantzitsuena etortzeke dago. Gernikako Grand Slama Mikel Mantzisidor herrikide eta adiskidearekin jokatuko dut, eta hori ere berezia da: umetatik elkar ezagutzen dugu eta, egokitzen zaigun jokoa egitea lortuz gero, Erkiaga-Lekerika moduko hautagaien pare ibili gaitezke”.
Sarrerei buruzkoak.
Gernikako Grand Slama ikusi gura dutenek jadanik bonuak erosteko aukera dute, Eraman Jai Alairen web orrialdean. Bestalde, jardunaldi bakoitzaz gozatzeko aukera ere edukiko dute zesta-puntaren jarraitzaileek. Eguneko sarrerak, hain zuzen, bihar [uztailak 15] ipiniko dituzte salgai.