Kaikuk eta Oriok irabazi dute I. Burdinola Bandera
ETE ligan laugarren postua eskuratu du Ondarroak, eta zazpigarren gelditu da Isuntza.

Burdinola Kooperatiba Elkarteak babestuta, I. Burdinola Bandera jokatu zen atzo [uztailak 13] Lekeitioko uretan. ETE liga eta KAE-2 liga jokatu ziren; emakumezkoetan, Kaikuk irabazi zuen bandera, eta gizonezkoetan, Oriok. Ondarroak laugarren postua lortu zuen, eta Isuntzak, berriz, zazpigarrena.
KAE-2 ligako seigarren jardunaldiagaz eman zioten hasiera egunari arraunlariek. Era horretan, 11:00etan itsasoratu ziren Busturialdea, Hibaika, Laredo, Lutxana, Orio B eta Portugalete. Lerrokatutako estropada izan zen; hiru kaletara, eta bi txandatan banatuta. Hala, Oriok irabazi zuen bandera, 22:14:63ko denboragaz sei puntu eskuratu zituen. Bigarren postua lortu zuen Portugaletek [22:38:75], eta hirugarrena, berriz, Busturialdeak [23:01:09].
ETE ligako zazpigarren jardunaldiaren txanda izan zen ondoren. Bertan lehiatu ziren Camargo, Deustu, Hernani, Kaiku, Ondarroa, Portugalete, San Juan, Zarautz eta Isuntza. Hiru traineruko hiru txandatan banatu ziren. Kaikuk eskuratu zuen I. Burdinola bandera 12 minutu 8 segundo eta 41 ehuneneko markagailuagaz; hala, sailkapen orokorrerako bederatzi puntu eskuratu zituen. Bigarren helmugaratu zen San Juan [12:28:15], eta hirugarren Zarautz [12:29:18]. Ondarroak laugarren postua eskuratu zuen [12:45:01], eta Isuntzak zazpigarrena [13:02:99].
Sailkapen orokorra. ETE ligako sailkapen orokorrari dagokionez, Zarautz da sailkapeneko burua, 68 puntugaz. Atzetik, bost punturen aldeagaz doa San Juan, eta hirugarren postuan dago Kaiku. Ondarroa laugarren postuan dago, 45 puntugaz, eta Isuntza, berriz, seigarrenean, 30 puntugaz.
KAE-2 ligari dagokionez, 33 puntugaz, Orio da sailkapeneko burua. Atzetik jarraitzen dio Hibaikak [29 puntu], eta hirugarren postuan dago Portugalete [27 puntu]. 8 puntuko aldeagaz, laugarren postuan dago Busturialdea [19 puntu].
Hurrengo jardunaldiak. ETE ligako hurrengo jardunaldiak asteburuan izango dira. Zapatuan [uztailak 19] IV. Hernaniko bandera lehiatuko dute Orion, eta domekan [uztailak 20] Portugaleteko uretan jokatuko dute norgehiagoka.
KAE-2 ligako hurrengo jardunaldia Zarautzen izango da, eta Gesalaga-okelan bandera egongo da jokoan zapatuan [uztailak 19]. Domekan Gorlizko III. Ikurriña lehiatuko dute Gorlizen.