San Antolin jaietako txupinazoa nork botako duen erabakitzeko epea zabaldu dute
Herritarrek gaurtik [uztailak 14] uztailaren 22ra egin ahalko dituzte proposamenak; norbanako bakoitzak herritar, talde edo eragile bat proposatu ahalko du. Ostean, bozketa egiteko epea zabalduko dute.
Iaz egitasmoa martxan ipinita, aurtengoan errepikatzea erabaki du Lekeitioko Udalak. Jaiak herritarren parte hartzeagaz eta auzolanagaz daudela bizirik aldarrikatu dute, eta hala, aurten ere herritarrek edukiko dute San Antolin jaietan txupinazoa nork botako duen erabakitzeko aukera.
Hala, gaurtik [uztailak 14] uztailaren 22ra bitarte egin ahalko dira proposamenak, digitalean nahiz presentzialki. Digitalean egin nahi dutenek udalak sare sozialen bitartez zabaldu duen galdetegian egin ahalko dute; presentzialki, ostera, Kultur Etxean egin beharko da, astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era.
Herritar bakoitzak herritar, talde nahiz eragile baten proposamen bakarra egin ahalko du, eta ez dago parte hartu ahal izateko gutxieneko adinik. Proposamenak jaso ostean, bozketa egingo dute; herritar bakoitzak boto bakarra emateko aukera edukiko du. Bozketa modu digitalean nahiz presentzialki egin ahalko da, proposamenak jasotzeko modu berean. Jakinarazi dutenez, proposamenen artetik udalak aurkeratuko du nortzuk pasako diren bozkatzeko fasera, eta harremanetan ipiniko dira txupinazoa bota nahi dutela baieztatzeko.