Sankristobalak, jai giro eta kirol artean
Txopitturri Gurasoen Elkarteak antolatutako San Kristobal jaian elkartu ziren munitibartarrak atzo [uztailak 13]. Musika eta jan-edana ez ziren falta izan, eta II. Oizko Ermitara Igoera Bertikala ere egin zuten. Nora Narbaiza eta Julen Aranguena nagusitu ziren.

Sankristobalak ospatzeko elkartu ziren atzo [uztailak 13] munitibartarrak. Txopitturri Gurasoen Elkarteak antolatuta, San Kristobal baselizaren ingurua izan zuten topaleku herritarrek, musika, jolas eta jan-edanaz gozatzeko. Kirolerako tartea ere egon zen, Oizko Ermitara Igoera Bertikala ere lehiatu baitzuten.Â
Arrolape Mendi Klubak bigarrenez antolatu duten ermitara igoera bertikala III. Igoera Herrikoen Ligarako puntuagarria izan da aurten ere eta korrikalariek, Maskako hasiera puntutik abiatuta, 1,1 kilometrotan 225 metroko desnibelari aurre egin behar izan zioten, Oizko landetara bertaratu ziren herritarren animo oihu eta txalo artean.

Argazkia: Txebi Arriaga
Igoera bi kategoriatan banatuta lehiatu zuten: emakumezkoen maila eta gizonezkoena. Lehen taldeko azkarrena Nora Narbaiza izan zen: 12:50eko denboragaz, ermitara igoeraren hurrengo edizioetarako marka berria ezarri zuen. Podiuma Ireder Angulo eta Amaiur Etxeandiak osatu zuten, 13:29 eta 13:43ko markagaz. Iaz egin bezala, aurten ere Julen Aranguena izan da gizonezkoetan azkarrena. Kortezubitarrak ere marka berria ezarri du: 09:55 behar izan zituen lanak amaitzeko, iaz baino 20 segundo gutxiago. Bigarrena Xuban Muniozguren izan zen (10:10) eta hirugarrena, Unai Alberdi (10:32). Lehen munitibartarrei dagokienez, emakumezkoen sailkapenean Angulo nagusitu zen (13:29) eta gizonezkoetan, berriz, Oskar Malasetxebarria (11:37).

Argazkia: Txebi Arriaga
Proba amaituta, korrikalari zein herritarrek jan-edanean elkartu ziren baseliza inguruan, Fruiztariak taldearen erritmora. Arratsaldean zozketa egin eta herritarrentzako jolasetan batuta agurtu zituzten sankristobalak, datorren urtera arte.Â
Argazkiak: Txebi Arriaga (@txebiarriaga)
















































































































































































