Uztailaren 19ra arte egongo da aukera Andra Mari jaiak iragartzeko kartela bozkatzeko
Hamalau lan aurkeztu dira lehiaketara, eta ikusgai daude guztiak Udal Erakusketa Aretoan. Kartel lehiaketa irabazten duenak 600 euroko saria jasoko du.
Ondarroako Andra Mari jaiak iragartzeko kartel lehiaketaren bozketa fasea matxan dagoela jakinarazi du Ondarroako Udalak. Barikuan [uztailak 11] jarri zituzten aurkeztu diren hamalau lanak Udal Erakusketa Aretoan, eta uztailaren 20ra [domeka] arte egongo da lanak ikusteko aukera, nahiz eta bozkatzekoa zapatuan [uztailak 19] amaituko den. Aurten, lehen aldia izango da herritarrek jaietako kartela aukeratuko dutena: “Orain arte jai batzordean aukeratzen zen irabazlea, baina egokia iruditu zaigu herritar guztiei kartel guztiak erakutsi eta irabazlea denon artean hautatzea”.
Hala, aurkeztutako hamalau lanetatik bakarra aukeratu beharko dute herritarrek. Gainera, bozketan parte hartu ahal izateko 16 urte beteta izan beharko direla zehaztu dute udaletik. Era horretan, hurrengo arauak bete beharko dira: “Pertsona bakoitzak bozka bakarra eman ahalko du, eta botoa ematerakoan Nortasun Agiria erakutsi beharko da. Horrez gain, bozka presentziala bakarrik onartuko da, eta pertsona batek bozka bat baino gehiago emanez gero bere bozka guztiak baliogabetuko dira”.
Kartelak Erakusketa Aretoan daude ikusgai; astegunetan 18:30etik 21:00etara, eta asteburu eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara. Kartel lehiaketa irabazten duenak 600 euroko saria jasoko du.
Ondarroako Udaleko webgunean ikusi daitezke kartel lehiaketara aurkeztutako lanak.