Urteroko osagaiek ez dute hutsik egin San Antolin egunean
Herriko agintariek prozesioa egin dute udaletxetik elizaraino, Itxaropena txistulari taldekoen doinuekin. Aittitta Txiki elkarteak, aldiz, 24. Tiragoma Txapelketa egin du; 50 partaidetik gora eduki ditu aurtengoan. Arratsaldetik aurrera bertso saioa, Puro Relajoren kontzertua eta su artifizialak egongo dira.

Lekeitiarrek atzo [irailak 1] Kuadrilen Bajadarekin eman zieten ongietorria San Antolin jaiei, Oihana Garatearen txupinazoagaz eta Anteroren jaitsieragaz, eta gaur [irailak 2] San Antolin eguna ospatzeko prest esnatu dira. Tradizioz betetako eguna izan ohi da gaurkoa, eta hala, aurten ere urteroko osagaiek ez dute hutsik egin.
Akordeoi joleen kalejirak esnatu ditu herritarrak, eta ostean, zuriz jantzi, eta herriko agintarien prozesioa ikusi dute hainbatek. Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak eta udal zinegotziek udaletxetik elizarainoko bidea egin dute, Itxaropena txistularien laguntzagaz, hainbat herritarren begiradapean.Â
Meza Nagusia hasteagaz batera hasi da 24. Tiragoma Txapelketa ere. Eguraldi eguzkitsua lagun, Aittitta Txiki elkarteak beste urte batez ume nahiz nagusi ugari elkartu ditu txapelketan, hiru mailatan banatuta. Giro ederra ipini dute partaideek, eta tentsio uneak ere egon dira, berdinketa hausteak tarteko. Guztira 50 partaide baino gehiago aritu dira lehian, eta umeen mailan Danel Pinilla izan da txapelduna; Urki Eiguren eta Enaitz Usandizaga geratu dira bigarren eta hirugarren postuetan. Nagusien artean, aldiz, Pedro Irastorzak eskuratu du txapela, eta bigarren postua Emilio Gilek irabazi du. Hirugarren postuan Tomas Serrano ondarrutarra geratu da, eta bera izan da, era berean, lea-artibaitarrik onena ere; Serranoren 14. txapela izan da aurtengoa. Bigarren Aitor Iglesias geratu da, eta hirugarren, Beñat Zubiaur.
Goizeko jarduna amaituta, Aittitta Txiki elkarteak arratsaldean XV. Txapel Jaurtiketa egingo du Uribarren kalean, eta ostean, bertso saioa egongo da. Alaia Martin, Aissa Intxausti eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan, Arranegin, balkoitik balkoira. Egunagaz amaitzeko, Puro Relajo, su artifizialak eta Errota taldearen kontzertua egongo dira.