106 ontzik parte hartuko dute Antzar jaian
Iaz baino bi ontzi gehiagok parte hartuko dute aurten; 16:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da Antzar jaia. Bihar [irailak 5] 11:00etatik aurrera zirkulazioa mugatuko dute.

Antzar Eguna ospatzeko prestakizunetan murgilduta daude aspalditik lekeitiarrak, eta gaur [irailak 4] dute dena puntu-puntuan jartzeko eguna. Goizerako potina toki egokian jarrita eduki dute hainbatek, baina beste askok gaurko eguna erabiliko dute horretarako. Prestakuntzak bakoitzak bere erritmora egin dituen arren, izen ematea guztiek egin behar izan dute gaur.
Hala, Antzar Batzordeak 10:00etan zabaldu ditu ateak, eta lehenengo izen emateak jaso ditu. 13:00ak bitarte, Lekeitio nahiz inguruetako biztanleak joan-etorrian aritu dira izena ematen, eta guztira 106 ontzik eman dute izena, iaz baino bi gehiagok.
Parkeko Gunean, ostera, lasaitasuna izan da nagusi goizean. Hainbat ume bertaratu dira gunera xakean jolasteko asmoz; hainbatek xakean jolasteko baliatu dute unea, eta beste zenbaitek, lagunartean xakean jolasteko. Arratsaldeko piragua irteera bertan behera utzi duten arren, umeentzako jolasak, txokolatada eta Dei taldearen kontzertua egongo dira.Â
Antzar Eguna. Bihar [irailak 5] 16:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da Antzar jaia, baina aurretik eta ostean ere, egongo da zer egina Lekeition. Jende pilaketen aurreikuspenaren aurrean, herriko sarreretako zirkulazioa mugatuta egongo da 11:00etatik aurrera. Hala, bertaratzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute; Bizkaibusek haren zerbitzua errefortzatu du, eta Lea-Artibaiko herrietatik Gababus zerbitzua egongo da.
Jaietako beste hainbat egunetan bezala, bihar [irailak 5] ere martxan egongo da Arreta Feministarako Gunea, 12:00etatik 06:00etara. Turismo bulegoan (Santa Elena etorbidea, 2) egongo da gunea, baina telefonoz harremanetan ipintzeko aukera ere egongo da 684 80 20 53 telefonora deituz. Gune hori «konfiantzazko espazioa» izango da, eta bi pertsona egongo dira artatzeko eta laguntzeko prest: «Erasotua bazara edo erasoren bat ikusten baduzu, ez begiratu beste aldera eta jo arreta gunera».