Bullet Teams Seriesen hirugarren jardunaldia, asteburuan
Bihartik etzira [urriak 3, 4 eta 5] bina partida jokatuko dituzte egunero. Gaur gaurkoz, Atainen taldea doa lehenengo postuan, 11,5 puntugaz. Bigarren, Lekueren taldea dago, 11 puntugaz.

Hirugarren jardunaldia ekiteko prest daude Bullet Teams Series txapelketan. Bihartik domekara [urriak 3, 4 eta 5] bina partida jokatuko dituzte egunero puntistek.
Bihar [urriak 3] Urbietaren eta Antxonen taldeen txanda izango da: nesketan Lur-Frida bikoteak jokatuko du Elaia-Maialen bikotearen aurka, eta mutiletan, Arbek eta Salegik, Cosmeren eta Bailoren aurka. Zapatuan [urriak 4], ostera, Lekueren eta Atainen puntistak kantxaratuko dira. Erika eta Alize ariko dira Naroaren eta Arairen aurka, eta Aaron eta Argoitia, berriz, Zelaiaren eta Oihenarden aurka. Domekan [urriak 5] finalak jokatuko dituzte.
Bigarren jardunaldia. Arretxinagako jaiak tartean, duela bi asteburu jokatu zuten puntistek bigarren jardunaldia, eta erantzun ona eduki zuen: “Jende aldetik barikuan eta zapatuan nahikotxo ibili zen, gustora geratu ginen erantzunarekin. Domekan Santa Eufemiko jaiak izan ziren, eta ohitura den bezala, bestela frontoira etorriko ziren asko bertara joan ziren”.
Hala, barikuan Elkororen talde zuriak irabaztea lortu zuen: “Oso garrantzitsua zen eurentzat partida hori irabaztea, ze, puntuz nahiko justu zenbiltzan. Mutilen ez zuten lortu partida irabaztead, eta orain gaitz daukate finalera sailkatzeko”. Momentuz, laugarren taldea dira sailkapen orokorrean, bederatzi puntugaz: “Beste bi talderi jokatzea falta zaie, eta bietako batek puntuz gainditzeko aukera asko du”.
Bigarren jardunaldian estreinatu ziren Antxonen eta Atainen taldeak, eta Antxonen taldearentzat emaitza aldetik “oso gaizki” joan zen arren, joko aldetik ez zen horrela izan: “Bai neska eta bai mutil oso estu ibili ziren, eta gutxigatik galdu zituzten bi partidak. Oso partida gogorrak izan ziren, baina entretenigarriak ikusteko”. Halaber, jardunaldi bat geratzen zaien arren, azkenak dira sailkapenean, puntu eta erdigaz: “Azkenak diren arren, gauzak asko aldatu daitezke. Aste honetako bi partidak irabazita ta final aurrekoak ere bai, lehenengo postuan ipini daitezke. Hasiera ona ez eduki arren ikusi egin behar da zer egiten duten hurrengoan”.
Atainen taldea da sailkapen orokorreko lehenengoa, 11,5 puntugaz, eta matematikoki sailkatuta daude azken jardunaldirako: “Lehenengo jardunaldia jokatu dute eta ia bikain atera zitzaien, mutilek finala galdu ziten arren; Oihenardek ez zuen eduki egunik onena eta Zelaiak besoko mina zeukan, eta beraz, ezin izan zuten partida nahi bezala aurrera atera”. Hala ere, “puntu asko” lortu zituzten.
Sailkapen orokorra.
- Atain. 11,5 puntu. Puntistak: Zelaia-Oihenard eta Naroa-Arai.
- Lekue. 11 puntu. Aaron-Argoitia eta Erika-Alize.
- Zuloaga. 10 puntu. Txanika-Atain eta Maite-Maia.
- Elkoro. 9 puntu. Bixente-Uranga eta Helena-Arakistain.
- Urbieta. 8 puntu. Arbe-Salegi eta Lur-Frida.
- Antxon. 1,5 puntu. Cosme-Bailo eta Elaia-Maialen