Erraldoien bigarren topaketak 150 partaide edukiko ditu
Markina-Xemeinen elkartuko dira domekan [urriak 5], herriko erraldoiekin batera, Berriatuko, Mutrikuko, Bermeoko eta Leitzako erraldoiak. Guztira 150 parte hartzaile baino gehiago izango ditu topaketak.

Markina-Xemeingo Erraldoien Konpartsak antolatuta, Erraldoien II. Topaketa egingo dute domekan [urriak 5] Markina-Xemeinen. Aurtengoan lau konpartsa gonbidatu dituzte: Berriatuko, Mutrikuko, Bermeoko eta Leitzako taldeak. Hala, guztira 150 partaide inguru izango ditu topaketak, eta erraldoiez gain, erraldoi txikiak eta buruhandiak ere egongo dira.
Eguraldi ona eginez gero, 10:30ean emango diete hasiera egunari, Atxondoa Zeharkalean (Opela parean): “Han erraldoiak ikusgai ipiniko ditugu, eta ordu erdira kalejira hasiko da”. Opelatik Aldaolako bide guztia zeharkatuko dute, eta handik, Babbelerantz joango dira; han geldiadia eta dantzak egingo dituzte. Handik Goikoportalera igo, eta Zelaira joango dira: “Zelaian, iazko antzera, taldeen aurkezpenak egingo dira eta bakoitzak bere dantza egingo du”. Kalejirari amaiera Uhagonen emango diete.
Eguraldi txarragaz, ostera, 10:00etan erraldoi denak ikusgai ipiniko dituzte frontoi txikian, eta 10:30ean ekitaldia hasiko da, Uni frontoian: “Goiz da, baina ezin dugu gehiago atzeratu ondoren frontoia okupatuta dagoelako. Aurkezpena eta dantzak Unin egingo ditugu, eta hortik frontoi txikira irtengo gara berriro”. Frontoi txikian berriro ere ikusgai ipiniko dituzte erraldoiak, 12:00ak arte: “Hortik aurrera, eguraldiak esango digu ea zer egin dezakegun. Momentuan erabakiko dugu”.
Markina-xemeindarrek euren erraldoi handi eta txiki denak aterako dituzte: Bixenta Mogel, Peru Abarka, Kontxita, Elorrio eta Zerutxu. Berriatuarrek 2024ko udaberrian sortutako Maru eta Lami erraldoiak eroango dituzte. Mutrikuarrek, ostera, Ziriako Andonegik 2003an egindako Mari, Akerbeltz, Sorgina eta Urtzi eroango dituzte, buruhandiekin batera. Bermeoko konpartsakoek 2015. urtetik aurrera egindako lau erraldoi eroango dituzte: Tartalo, Olatz erremolaria, Eneko ezpata dantzaria eta Izarra arku dantzaria. Azkenik, leitzarrek lau erraldoi eta hainbat txiki eroango dituzte: Lizarra, Garazi, Baserritarra eta Warmi Sisay.
Antolatzaileek topaketa antolatzeko bidelagun izandako denei eskerrak eman nahi izan dizkiete: “Eskerrak, zelan ez, Markina-Xemeingo Udalari eta jaialdia babestu duten enpresei. Boluntarioei esker bereziak eman nahi dizkiegu. Gu oso gutxi gara, eta ateak zabalik ditugu jendea etor dadin; aurten, lau lagun inguru etorriko dira kalejiran laguntzera, eta eskertzen dugu euren laguntza”.
Iaz lehenengo aldiz topaketa eginda, bigarrena ere ondo ateratzea espero dute antolatzaileek. Eguraldiari begira dauden arren, jende aldetik aurreikuspen onak egin dituzte: “Eguraldi txarrak ez digu ezer lagunduko, pena izango da hala gertatzen bada. Hala ere, espero dugu jendea etortzea eta iaz bezala harrera ona edukitzea”.