Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduerak antolatu ditu Geoparkeak
Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna [urriak 6] ospatuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak zapatuan [urriak 4]. Deba eta Mutriku arteko ibilaldi interpretatua egingo da, eta Flyscharen ibilbidea erdi prezioan egongo da.

Urriaren 6an [astelehena] ospatzen den Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi ekimen antolatu ditu. Unescok egun hau izendatu zuen geologiaren garrantzia nabarmendu eta ondare geologikoaren kontserbazioa sustatzeko. Hala ere, Geoparkeak zapatuan [urriak 4] ospatuko du eguna.
10:00etan hasita, Asier Hilario geologoak gidatutako ibilaldi interpretatua egingo da Debako kirol portutik abiatuta. Taldeak hiru kilometroko itsas pasealekua egingo du Mutrikuraino, flysch beltzek eta itsasoak bi herrien historian eta paisaian izan duten eragina ezagutzeko. “Duela 100 milioi urteko gertaerak zein azken milaka urteetako itsas gorabeherak azalduz egungo paisaia ulertzeko aukera izango dugu”, adierazi du Hilariok.
Ibilaldia euskaraz eingo dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta doakoa izango den arren, aurretiaz izena eman beharko da, taldea mugatua izango delako: labur.eus/geodibertsitatea webgunean edo Debako Turismo Bulegoan (943 19 24 52).
Arratsaldean, Flyscharen ibilbidea egiteko aukera egongo da erdi prezioan. Zumaia eta Mutriku arteko zeharkaldia egingo da, Debako kostaldetik pasatuz. Nabigazioan zehar, flyscharen sekretuak azalduko dira eta eskualdeko jarduera historiko nagusiak gogoratuko dira: Zumaiako ontzigintza, Debako merkataritza-bizitza eta Mutrikuko balea-arrantza. Mutrikura iritsitakoan, ordubeteko bisita egingo da portuan eta alde zaharrean. Ekimena Zumaiako moilan hasiko da, 16:30ean, eta hiru ordu inguruko iraupena izango du.
“Lurralde baten geodibertsitatea bertako arroka, mineral eta fosilak baino zerbait gehiago dela ulertzen lagunduko digute antolatutako bi ekimenek. Geodibertsitateak, hein handi batean, gure historian, gure kulturan eta gure ekosistemetan eragiten du, eta diruarekin nekez zenbatu daitezkeen onurak eskaintzen dizkigu. Konturatu gabe ere Geodibertsitatea inguratzen gaituzte baliabide askoren atzean dago. Beraz, zatoz, ulertu eta gozatu gure Geodibertsitatea”, azpimarratu dute antolatzaileek.