Global Sumud Flotillaren kontrako erasoa salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte
Global Sumud Flotillaren eta Gazarako Mugimendu Globalaren deiari erantzunez, Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzeak deitu ditu gaur [urriak 2] arratsaldean, besteak beste, Ondarroa, Lekeitio, Mendexa, Ispaster, Markina-Xemein, Mutriku eta Aulestin.
Israelek Gazara bidien doan Global Sumud Flotillako 39 ontzi atzeman ditu, gutxienez. Erasoa salatu eta “Gazaren setioa salatzeko”, Global Sumud Flotillak eta Gazarako Mugimendu Globalak lantokiak, ikastetxeak eta kaleak hartzeko zabaldutako deiari erantzunez, Hego Euskal Herriko hiriburu eta zenbait herritan deitutako elkarretaratzeak babestu ditu Palestianarekin Elkartasuna plataformak. Horrez gain, beste hainbat herritan ere mobilizazioak deitu dituzte, beraien ekarpena egite asmoz. Ondarroa, Lekeitio, Mendexa, Ispaster, Markina-Xemein, Mutriku eta Aulestin elkarretaratzeak deitu dituzte, gaur [urriak 2], 19:00etan, udaletxe aurrean.
Plataformatik babesa adierazi diete Gazako zerrendara heltzeko bidea egiten saiatu diren guztiei, eta bereziki Israelek atxilotu dituen horiei. Era berean, Palestina askatzeko “bide bakarra” Israel desegitea dela adierazi dute. Gaur egingo diren mobilizazioez gain, Palestinarekin Elkartasunatik zapatuan [urriak 4] Iruñean egingo den manifestazio nazionalarea joatea “garrantzitsua” dela nabarmendu dute.
Iruñeara autobusa.
Lea-Artibaiko eta Mutrikuko zenbait gazte asanblak bat egin eta manifestaziora joan-etorria errazteko autobusa antolatzea erabaki dute, eta interesdunek oraindik izena emateko aukera dute. 628 71 97 82 telefono zenbakira deituz. Gaztetxeen eta asanbladen sare sozialetan edo Lekeitioko Isuntza tabernan, Ondarruko Anaitan eta Mutrikuko Loretxu edo Zubiaram taberenetan ere izena emateko aukera dago.
Autobusa Lekeitiotik aterako da 09:00tean eta Berritxu, Ondarroa eta Mutrikun egingo ditu geldialdiak. Berritxuko bizilagunek 09:15ean egon beharko dute zentraleko paradan; ondarrutarrek 09:20an Kamiñazpi edo Meson Anan eta mutrikuarrak biribilgunean, 09:30erako.
Urriaren 7rako [martitzena] ere mobilizazioak deitu dituzte Ondarroan zein Mutrikun. Ondarruko Gazte Asanbladak 19:30ean Alamadan elkartzeko deia zabaltzeaz gain, udalerriko balkoiak Palestinako banderaz betetzeko eskatu du. Mutrikuko Gazte Asanbladak deituta ordu berean batuko dira herritarrak agintariei Israelekin harreman oro eten dezaten eskatzeko; 19:30ean jarri dute hitzordua, Goiko Plazan.