Kooperatibagintzaren indarra eta etorkizuneko erronkak, erdigunean
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak bere ibilbidea ezagutzera eman eta egindako lana aitortzeko jardunaldia egin du. 60 partaide inguru eduki ditu, eta jardunaldiaren balorazio ona egin dute.

Kooperatibagintzaren erronkak, ekarpena eta etorkizunaren inguruan hausnartzeko asmoz, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean bildu ziren herenegun [irailak 30] eskualdeko kooperatibetako ordezkariak, Mondragon Korporazioko arduradunak, garapen agentziak, ikastetxeak eta udaletako kideak. Jardunaldia Kooperatiben Nazioarteko Urtea baliatuta egin zen.
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak jardunaldiaren balorazio ona egin du; 60 lagun inguruk hartu zuten parte jardunaldian, eta guztiek balorazio positiboa egin zuten. Parte-hartzaileen esanetan, argi geratu zen kooperatibek eskualdean ongizatea eta garapen ekonomikoa bultzatzen dutela, eta kooperatibismoak etorkizunean ere eraldaketarako indar izaten jarraituko duela.

Herenegun [irailak 30] egin zuten jardunaldia.Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea
Leire Mugerza, Mondragoneko Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko presidenteak, kooperatibismoaren ikuspegi soziala azpimarratu zuen: “Ez da bazkide aberatsak egiteko eredua, gizarte aberats bat egiteko negozio eredua baizik”. Horretarako, interkooperazioa dela giltza nabarmendu zuen, hiru ardatzetan oinarrituta: elkartasuna, negozioak partekatzea eta ezagutza ekosistemak indartzea.
EIKAko lehendakari eta Kooperatiben Mahaiko kide den Iñigo Arrietak datu ekonomiko esanguratsuak aurkeztu zituen: kooperatibek eskualdean duten eragina handia dela esan zuen, bai inbertsio eta salmentetan, bai erosketa bolumenean. Hala ere, eragin hori gizartean hobeto komunikatzeko beharra azpimarratu zuen: “Handia da gure kooperatibek inguruan duten eragina, baina hori komunikatzea kostatu egiten zaigu”. Kooperatibek elkarren artean egiten duten laguntza-lana ere azpimarratu zuen.
Maite Legarra Mondragon Korporazioko Talentua Erakartzeko eta Garatzeko teknikaria Talentatu egitasmoaren aritu zen. Lea-Artibai eta Busturialdean garatzen den proiektua eredugarria dela azaldu zuen: “Enpresa-sarea ikasleei gerturatzea oso garrantzitsua da; gu geu izan behar gara gure kooperatiben kontakizuna zabaltzen dugunak”.
Jardunaldiaren bigarren saioan, Talentatu egitasmoaren balorazio positiboa egin zuten Iñaki Plaza (Lea Artibai Ikastetxeko irakaslea) eta Agustin Bengoetxea (KIDE, S.Coop-eko lehendakaria) ordezkariek. Azpimarratu zuten enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlana gaur egun guztiz integratuta dagoela, eta alde biek onurak jasotzen dituztela.
Talentaturen balorazioaren aurretik, energia berriztagarrien arloan diharduen Eze Barrizar kooperatibako Antxon Aranbarrik bere esperientzia partekatu zuen. Kooperatiben Mahaia Elkartearen babesa izan zuten hasieran, eta gaur egun proiektu esanguratsuak garatzen ari dira. Aranbarrik kooperatiba-eredua ekintzailetzarako aukera gisa aurkeztu zuen, enpresa-eredu ezberdin baten aldeko apustua egitera gonbidatuz.
22 urteko ibilbidea. 2003an sortu zen Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, zazpi kooperatibaren elkarlanetik. Ordutik hona, 41 kooperatiba berri sortzen lagundu du eta 407.000 euro banatu ditu hasierako inbertsioetarako. Era berean, 2024ko datuak ere esanguratsuak dira: 24,6 milioi euroko inbertsioak, 707,8 milioi euroko salmentak, eta 13,4 milioi euroko erosketa bolumena bideratu zituzten eskualdean. Guztira, 2.261 lanpostu sortu eta mantendu dituzte, eta gaur egun 1.862 bazkide ditu elkarteak. Etorkizunari begira, elkarteak berrindustrializazioaren beharrari erantzuteko estrategia berriak lantzen jarraituko duela adierazi dute, Birsortu Mahaia bezala izendatu dute lan-mahaiaren bitartez.