Lurra defendatuz, bizitza ereiten
Maribi Ugarteburu amorotarraren ‘Erein, borrokatu, bizi’ liburuak hamar emakume baserritarren bizipenak bildu ditu, euren ahotsetatik, EHNE-Bizkaiaren sorrera, bilakaera eta gaur egungo erronkak erakutsiz, eta emakumeek nekazaritza mugimenduan izan duten garrantzia azpimarratuz. Horietako bat da Libe Plaza lekeitiarra; herriko azken baserritarra da bera. Lanaren aurkezpena Lekeition egingo dute, martitzenean, baserritarren memoria eta emakumeen indarra omentzeko.

Gu lurrarenak gara, baina ahaztu egin zaigu”. Halaxe hasi du Maribi Ugarteburu amorotarrak Erein, borrokatu, bizi liburua, eta hamar emakume baserritarren ahotsak bildu dituen arren, kolektibo oso baten sentimendua islatu du bertan.
Liburua ez da soilik iragan baten oroitzapena. Bertan bildutako hamar emakumeek Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna-Bizkaia (EHNE-Bizkaia) sindikatuaren hasiera, bilakaera nahiz oraina gertu-gertutik bizi izan dituzte, eta horri, besteren artean, feminismoaren ikuspegitik heldu dio Ugarteburuk: “EHNE-Bizkaiaren enkarguz egindako liburua da. Egiten duten lanaren parte da nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorra defendatzea, ekoizle eta kontsumitzaileentzat justua izango dena. Eta hori, perspektiba feminista batetik egin behar da, mugimendu honetan emakumeek zeregin handia izan baitute”.
Emakume horiek aitzindari izan dira askotan: “Batzuei egokitu zaie gizonezkoenak izan diren espazioetan mugitzea. Aitzindariak izan dira, bakoitza bere eremuan. Sindikatuko zuzendaritzan egon dira batzuk, eta beste hainbat azoketan, ekintzetan, eta baita militantzia politikoan ere. Gizonentzat gordetako espazioak ireki dituzte”.
Liburuan jasotako emakume guztiak izan dira ofizioz, eta bizi osorako, ortuzainak edo abeltzainak; horietatik nagusiena Libe Plaza Laka lekeitiarra da; izan ere, 1936. urtean jaio zen Plaza. Liburuko nagusiena ez ezik, Lekeitioko azken baserritarra ere bada Plaza: “89 urte ditu Libek eta memoria ona. Pentsa noiztik ezagutu duen Lekeitio… Irudikatu behar da Lekeitio bat arrantzarekin erabat lotuta dagoena, eta inguru guztia baserriz edo ortuz beteta. Kalean bizi zirenak ere ortudunak ziren, eta etxerako beste, gutxienez, denek ateratzen zuten. Beste modu bateko ekonomia eta bizimodua zuten”.
“Emakumea guztiz baztertuta egon da. Askok ez zuten edukitzen laguntasunik, ez etxean, ezta kalean ere”
Plazak argi dauka baserriak bere identitatea markatu duela: “Ez nintzateke naizen modukoa izango baserritarra izango ez banintz. Eskolan sarritan esaten ziguten baserritarrak ginela, baina burla modura, eta ni pozik egoten nintzen”.
Baserritarra izateagatik hamaika oztopo izan ditu Plazak, baina baita emakume eta baserritar izateagatik ere: “Emakumea guztiz baztertuta egon da. Askok laguntasunik ez zuten edukitzen etxean bertan, eta kanpotik, gutxiago. Ez dute babesik eduki”. Ugarteburu ados agertu da Plazak dioenagaz, eta liburuan jasotakoa berretsi du: “Liburuan nahiko ideia klabea da, eta EHNE-Bizkaiatik ere askotan nabarmentzen dute agian feminismoa bera hitz edo kontzeptu bezala ezaguna ez zenean ere, hainbat eta hainbat emakume baserritarrek gorpuztu egiten zutela, euren bizi jarreretan eta aurrera egite horretan”.
Ildo beretik, bai Ugarteburuk, bai Plazak baserritar mugimenduaren indarra elkartasuna izan dela adierazi dute: “Norberarenari baino haratago begiratzen jakin dute”. Liburuan, gainera, “argi” ikusi daiteke hori: “Denek duten marka bat da. Saretzea gako izan da baserritarren mugimenduan aurrera egin ahal izateko, eta emakumeen artean, zer esanik ez. Lan oso polita egin zuten 90eko hamarkada hasiera ingurutik hasita; esnatze handi bat eman zen hor”.
“Erreleboak behar dira, baina horretarako behar-beharrezkoa da beste era batera antolatzea”
Liberen oroitzapenetan, auzolana da hitz giltzarria: “Auzokoekin dena partekatzen genuen. Ez geneukan dirurik, baina elkarlanean egiten genuen aurrera, eta horrek, bete egiten zaitu”.
Lanbidea, kolokan
Azken urteetako bilakaera, baina, kezkaz bizi dute. Ugarteburuk adierazi du Lekeitio inguruko herriak baserritarrak diren arren, Lekeition bertan aztarna gutxi batzuk baino ez direla geratzen: “Zorionez, badago jendea ortu txikiren bat daukana, eta badaude gazte batzuk ere horretan aritzen direnak, baina tantaka-tantaka”.
Biek argi adierazi dute baserritar mugimenduak aurrera egin dezan laguntzak falta direla: “Ezinbesteko lan modura hartu behar da, eta ganoraz inbertitu behar da diru publikotik. Gauza asko eta denak aldi berean aldatu behar dira bideragarria izan dadin. Hezkuntzan, esaterako, umeei burutik pasatu ere ez zaie egiten horretara dedikatu daitezkeenik”.
Hala ere, gaineratu dute langintza polita den arren, “oso ekina” ere badela: “Ezin da erromantizatu lan hau, baina, posible bakarrik ez, beharrezkoa ere bada. Erreleboak behar dira, baina horretarako beharrezkoa da beste era batera antolatzea. Sindikatua ari da horretan ahalegintzen, formazioekin, kolektibizatu ahal diren produkzioak elkartzen, elkar laguntzen… Kolektibotik etorriko da irtenbidea”.
Aurkezpena, Lekeition
Plaza Lekeitioko azken baserritarra den arren, beste bederatzi agertzen dira Ugarteburuk ondutako liburuan. Lekittoko Mugimendu Feministak antolatuta, guztiei buruz entzuteko aukera egongo da martitzenean, Lekeitioko Azkue Aretoan. 18:00etan ipini dute ordua, eta Ugarteburugaz batera, bertan egongo da Plaza ere. Gaineratu dutenez, Erroa eta geroa dokumentala ere ikusiko dute. Bi ahotsak elkartuta erakutsiko dute Erein, borrokatu, bizi liburuaren indarra: emakumeek historia idatzi dutela, askotan isilean, eta haien memoria publiko bihurtzea ezinbestekoa dela.