Martxan dago Markina-Xemeingo ludoteka
0-8 urte bitarteko umeek erabili ahalko dute ludoteka, heldu batek gainbegiratuta. Astelehenetik zapatura egongo da zabalik, eta liburutegian hartu eta utzi behar da giltza.

Markina-Xemeingo Bateratze Guraso Elkartearen eskutik, martxan dago berriro ere herriko ludoteka. Astelehenetik barikura 11:00etatik 13:20era eta 16:15etik 18:50era egongo da zabalik, eta zapatuetan, aldiz, 11:00etatik 13:20era. Markina-Xemeingo Udalak utzitako frontoi atzean dagoen eraikinean dago ludoteka, eta zerbitzua erabili nahi duenak giltza liburutegian hartu eta utzi beharko du; heldu batek gainbegiratu beharko ditu umeak, uneoro.
Guraso elkarteko kideek adierazi dutenez, jolasa tresna moduan erabiliz umeei “askatasunean pentsatzeko, sortzeko edo adierazteko” aukera ematen dien espazio bat edukitzea da ludotekaren helburua. Hala, 0-8 urte bitarteko umeek erabiltzeko lau gune ditu: psikomotrizitate gunea, jolas sinbolikorako gunea, eraikuntza gunea eta mahai jolas eta sormenerako gunea.
Psikomotrizitate guneari dagokionez, besteren artean, koltxonetak egongo dira, eta gune haren ondoan ipini dute jolas sinbolikoaren gunea ere: “Gune bi hauek ondoan daude mugikortasun gehiago eskatzen dutelako”. Azken gune horretan sukaldea, janaria eta osagarriak, kutxa erregistratzailea, panpinak eta haur-kotxeak daude.
Beste alde batetik, eraikuntza gunea eta margotzeko eta mahai jolasen gunea daude. Eraikuntza guneari dagokionez, plastikozko eta egurrezko blokeak, Montessori blokeak eta polikuboak daude bertan. Laugarren eta azken gunean margoak, paperak eta arbel digitala egongo dira, eta baita puzzleak, kartak nahiz mahai jolas klasikoak ere.

Markina-Xemeingo ludoteka.Mrakina-Xemeingo Bateratze Guraso Elkartea