Munitibarko kultura epel erruteko habia
Munitibarko eskaintza kulturala hauspotzeko xedea duen aterpe berria da Habixi Elkargunea. Uda orduko ekin zioten beraien kultur jardunari, eta orain negu sasoiko agenda plazaratu dute, bihar [urriak 10] bertan hasiko dena, 2026aren atarira arte.

Udaren hondarreko egun beroei, agur. Udagoienaren ailegaeragaz, bueltan dira hotza, iluna eta ospela. Baina Munitibarren sobera dakite udaren teloiaren jaitsierak ez duela zertan kultur jardueren akabua eta isiltasunaren iritsiera adierazi. Hala, urte osoko epeltasunari tokia gordez eta txokorik ezkutuenetik argi zirrikitutxo bat urratuz, bertako kultur jarduna hauspotzeko eta horrek ematen dituen kultur ekintzak seguru erruteko habia berria sortu dute: Habixi Elkargunea.
Herriko gaztetxearen oinarriei tiraka sortu dute munitibartarrek, auzolanean, eremu berria: plazan bertan, udalerriaren epizentroan, kulturak behar duen tokian, alegia, erdigunean. Herriko eragileek elkarlanean jardunez sortu dute, azaldu dutenez: “Txopitturri Guraso Elkartea, Ezkur Adinekoen Elkartea, Ezker Abertzalea eta Munitibarko Emakumeak ari gara lanean, espazio horretan munitibartar guztientzako den aterabidea eraikitzeko”.
Munitibartarrek elkargunearen erabilera “herritar guztien eskumenekoa” dela jakin dezatela gura dute, bilera irekiak tarteko
Maiatzean ireki zituen ateak estreinakoz Habixik. Zenbait ekintza egiteaz harago, elkarguneak “zelan funtzionatuko duen adostea” izan zen lehen helmuga. Bide horretan, “herritar eta norbanako” orok du zeresana: urtean birritan —gutxienez— bilera irekiak egingo dituzte. Udalak bultzatutako eskaintza kulturaletik at dagoen gunea da, espazioa udalaren jabetzapekoa izanik ere. Munitibartarrek haren erabilera “herritar guztien eskumenekoa” dela jakin dezatela gura dute: “Munitibarren ez gara jende asko eta, beraz, Habixi eta udal programazioaren arteko erabateko komunikazioa eta elkarbizitza egongo dira, betiere biak ala biak desberdinduta”. Ez hori bakarrik: programaturiko ekintza sortan hasiera batean agertu ez arren, guraso elkarteak atontzen dituen gitarra ikastaroen ikasturte akabuko jaia ere Habixin egin zuten.
Uda aldian, kale zinema eta Oier Guillan idazlearen berbaldia hartu zituen Habixik, azken hura Geuretik Sortuak sorkuntza bekaren testuinguruan kokatua. Biek “erantzun polita” eduki zuten munitibartarren aldetik. Edozelan ere, antolatzaileek nabarmendu dute beren erronka handiena izango dela herritar “guzti-guztientzako gunea” dela ikusaraztea: “Garrantzitsua da azpimarratzea Habixi ez dela eragileetako kideen espazio propioa, denena baino; aktiboki parte hartzeko ez ezik, beste barik trago bat hartzera joateko aukera ere badago. Funtsean, herriko gune bizia dela frogatu nahi dugu”.
Aisia eta kultura bultzatzeaz harago, transmisioaren eta herri nortasunaren bultzada izango dituzte iparrorratz
Egonkortzea, giltzarri.
Gaurtik 2026aren hasiera bitarte antolatu duten ekintza sortagaz, zelanbait “egonkortzea” bilatuko dute: “Aurreikusitako zutabeak betetzen ditugula ikusi gura dugu, bai programazio aldetik, bai barne funtzionamenduari dagokionez”. Aisia eta kultura bultzatzeaz harago, transmisioa eta herri nortasunaren bultzada izango dituzte iparrorratz: “Jendeak Munitibar bere egin dezan nahi dugu eta, kultur kontuez gain, Munitibarren —beste hainbat udalerri txikitan gertatzen denaren pareko—herri izaeraren langaia erdigunera ekartzea”.
Eskaintza kulturalaren irisgarritasuna ere zutabe dute: “Antolatzen duguna doan edo herritarrentzako prezio arrazoigarrian jorratuko dugu. Argi dugu kultur eskaintza herritartu edo hurreratu beharra dagoela, eta zorakeria dela herri txiki batean ertain bateko dinamikak ezartzea; ez du ez hanka, ez buru”.
Irailaren 26an, Amaiur Galdos musikari aulestiarrak zuzeneko emanaldia eskaini zuen
Berez agendan sartuta egon ez arren, irailaren 26an ipini zituzten motorrak abiadan. Amaiur Galdos musikari aulestiarrak zuzeneko emanaldiagaz girotu zuen Habixi, “herritarren erantzun oso txukunagaz”. Bihar [urriak 10], bigarren ekimenaren txanda izango da: Bertso-kolatada. Batetik, ohiko izen “potoloei” ihesi, eskolarteko bertsolarien aldeko apustua egingo dute. Bestetik, herriko harrobia ustiatu gura dute, “potentziala, egon, badagoelako”; Jon Abasolo eta Aner Goikoetxea dira herriko bertsolari gazteok. Hala, gaurko bertsolarien saioa txokolate janaldi ederragaz eztituko dute.
Urriaren 31n, Halloween kulturari tokiko erantzuna emango diote: “Gau Beltzaren aldeko lan handia egin eta egiten da han-hemen, bertoko tradizioa den hori berreskuratu guran; gu, geure aldetik, aletxoa ipintzen saiatuko gara, bereziki, gaztetxoenek hurbileko ereduak eduki ditzaten eta, horregaz, beraien herria hobeto ezagutu dezaten”. Lehenago, hilaren 26an, herritarrak kurtso hasierako bilera irekian parte hartzera deituak daude.
Azaroa Mikologia egunekin abiatuko dute, perretxikoen inguruko jakintza bultzatu asmoz
Zemendia bertaratzeagaz, antolakuntzak mikologiari plaza berezia emango dio: Mikologia egunak egingo dituzte. “Azaroaren 1ean, herri inguruan perretxikoak non, nola eta zein egoeratan topa daitezkeen argitzeko mendi irteera egingo dugu; biharamunean, elkargunean bilduko gara, jasotakoa banatu eta zelan kozinatu edo nola erabili azaltzeko”.
Abenduaren 21ean San Tomas eguneko egitaraua edukiko dute. Denetarik dute prest, “talo janaldia edota igel txapelketa”. Abenduaren 26an, ostera, hurrengo urteari ondoetorri aurreratua egingo diote: “Herritarrok geure urte akabu propioa egitea da helburua, geure Urtezahar gau partikularra; dotore jantzita joateko asmoa dugu, abenduaren 31n egin ohi den bezalaxe”. Edozelan ere, aurreratu dute urteko azken gau horretan ere Habixiko ateak zabalik egongo direla.
AGENDA
Urria
– Bihar: Bertso-kolatada: Jon Abasolo Sarralde (Munitibar), Maddi Aurtenetxe Bustinza (Zornotza), Iradi Barrenetxea Akesolo (Artea) eta Aner Goikoetxea Betanzos (Munitibar), 19:30ean hasita.
– Urriak 26: Kurtso hasierako bilera irekia, 11:00etan hasita.
– Urriak 31: Transmisio ekintzak: Gau Beltza.
Azaroa
– Azaroak 1 eta 2: Mikologia egunak.
– Azaroak 14: Animazioa: karaokea, 19:30ean hasita.
– Azaroak 30: Zinema proiekzioa, 7 urtetik gorakoentzat: Urte berri on Amona, 18:30ean hasita.
Abendua
– Abenduak 21: San Tomas eguna: taloak, igel txapelketa eta musika.
– Abenduak 26: Habixako kanpaikadak, 21:30ean hasita. Etorri dotore jantzita!
Urtarrila
– Urtarrilak 1: 2026. urteari ongietorria, 00:30ean hasita.