Urriko Azoka Nagusia, prest
Zapatuan [urriak 11] 35 ekoizle eta 32 artisauren 73 postu ikusteko aukera egongo da, beste horrenbeste aberegaz batera. Markina-Xemeingo Udalak zirkulazioari buruzko oharrak eman ditu jakitera.
Azken prestakuntza lanak egiten ari dira Markina-Xemeinen zapaturako [urriak 11]. Eskualdeko hitzordu garrantzitsuetako bat da Urriko Azoka Nagusia, eta aurtengoa ere, ez da gutxiagorako izango. Lea-Artibai Landa Garapenerako elkarteak eta Lea-Artibaiko eta Mallabiako Udalek antolatuta, guztira 35 ekoizle eta 32 artisauren 73 postu eta hamaika abere ikusteko aukera egongo da.
Hain zuzen ere, Markina-Xemeingo Zelai inguruan ipiniko dituzte postuak ekoizle eta artisauek; askotariko produktuez gain, baserriko tresna saltzaile bat, makila saltzaile bat eta zaldientzako tresna saltzaile bat ere egongo dira. Abereei dagokienez, Lea-Artibaiko eta Euskal Herriko hainbat arrazatako abereak bertatik bertara ikusi ahalko dira. Aurten, gainera, Azpeitiarekin txandakatzen den Euskadiko 28. Blonda Txapelketa egingo da, eta 85 buru inguru elkartuko dira bertan.
Azoka 10:00etan hasi eta 15:00etan amaituko den arren, jaiak ez du etenik izango gauera arte. Hala, azken urteetan bezala, kontsigna zerbitzua egongo da azokak irauten duen bitartean bertan erosketak gorde ahal izateko. Era berean, azokara bertaratzeko autobus zerbitzua egongo da Kareaga industrigunetik. Markina-Xemeingo Udalak gaineratu duenez, aparkatzeko erabilgarri egongo dira honako toki hauek ere: kanposantu ondoko aparkalekua, Lea Artibai Ikastetxe barruko aparkalekua eta kantxa, Barroeta futbol zelaia eta Bekobenta Eskolako kantxa eta frontoia. Mugikortasun urriko pertsonentzat, dauden aparkalekuez gain, beste lau toki gordeko dituzte autobus geltokiaren aurrean.
Egitaraua:
- 10:00. Azoka zabaltzea
- 10:15. Euskadiko 28. Blonda Txapelketari hasiera, epaimahaiaren lana hasi.
- 10:15. Eskualdeko mahai onenen lehiaketa, epaimahaiaren lana hasi.
- 11:30. Ardi-ile mozte erakustaldia eta umeentzat Latxine txirrista.
- 11:30. Herriko trikitilarien erromeria kalerik kale.
- 12:00. Bertsolariak, Zelaian.
- 13:00. Euskadiko 28. Blonda Txapelketako sari banaketa.
- 14:30. Eskualdeko mahai onenen sari banaketa.
- 14:30. Hamen Bertokoa otzaren zozketa, Hamen Bertokoa postuetan erosketak egiten dituztenen artean.
- 15:00. Azokaren amaiera.