V. Aniztasunaren Besarkada eguna ospatuko dute zapatuan
Ekai Lersundi gogoan dutelarik, Aniztasunaren Besarkada eguna ospatuko dute zapatuan [urriak 11] Ondarroan. 13:00etan egingo dute ekitaldia Itsasaurren, eta 19:00etan, Yogurinha Borova eta Aurori Badiolak 'Bingoz Bingo' ikuskizuna eskainiko dute.
Bosgarrenez ospatuko dute Aniztasun Besarkada eguna zapatuan [urriak 11], Ondarroan. Ekai Lersundi Martinez omendu, aniztasuna aldarrikatu, eta besarkadak daukan garrantzia nabarmentzeko eguna izango da: “Urriaren 13an da Ekai Lersundiren urtebetetze eguna, eta horregatik, data honen bueltan antolatzen dugu Aniztasunaren Besarkada eguna”. Lehenengo urteetan Lersundiren gurasoek antolatzen zuten eguna, hala ere, azken urteetan Ondarroako Udalarekin elkarlanean antolatu dute.
12:00etan Etxelilatik hasiko da Euskal Herriko Batukada Feministaren sarearen kalejira, eta 13:00etan, Itsasaurren batuko dira guztiak, Ekai Lersundi Martinezen oroimenez jarritako monolitoaren aurrean. Hala, Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartziak girotuko dute ekitaldia. “Bertsoak ere egongo dira, baita agurra ere. Gero, gaztetxoenek hartuko dute hitza eta LGTBIko banderaren kolore bana hartuko du ume bakoitzak, kolore horrek sorrarazten dionaren inguruan hitz eginez”. Ondoren, urtero legez, besarkada espiralean batuko dira bertaratutako guztiak.
Arratsaldean ere ez da planik faltako Ondarroan. 19:00etan Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolak Bingoz Bingo ikuskizuna eskainiko dute Alde Zaharrean.
Xerka. Aniztasunaren Besarkada egunaren egitarauaren baitan, Xerka hitzaldia eskaini zuten Martxel Larraza eta Joseba Olagaraik. Euskal Herriko bost pertsona querren bizipenak, hausnarketak eta sentzazioak elkarbanatzeaz gain, LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen sexilioa bistaratu zuten. “Oso ondo joan zen hitzaldia; balorazio positiboa egiten dugu. Jende asko batu zen, eta bertaratuek ere parte hartu zuten. Hasieran, kontzeptu ezberdinak azaldu zituzten; besteak beste, genero adierazpena, genero identitatea eta orientazioa. Gero, LGTBIQ+ siglen azalpena eman zuten, eta jendeak asko eskertu zuen”.